Eskasak dira sexu abusuei buruzko ikerlanak; Euskal Herri mailan ez dago, eta gutxiago Zerbitzu Ofizialik. Kanpoan, ikerlan gutxi daude eta fidagarrienetako batek esaten diguna ikaragarria da: 5 emakumetik 1ek sexu abusuak jasotzen ditu haurtzaro edota gaztaroan.
Duela gutti hasi dira sexu abusuak aipatzen, batez ere gaur egungo haur eta gazteak babesteko asmotan. Baina ez dira ahaztu behar gaur emakume direnak eta beren haurtzaro edota gaztaro garaian sexu abusuak jaso zituztenak. Haientzat, oraindikan, ixiltasuna da nagusi. Haiek gogoratuz eta argi izpi bat ematekotan, idatzi dut artikulu txiki hau.
Egoera latz honen analisi txiki bat egiteko, emakume izatearen ikuspuntua aukeratu dut. Haurtzaro edota gaztaro garaian jasotako abusuak, gizarte patriarkalaren botere, indarkeri eta menperatzearen erabilerak dira. Sistema patriarkalak haurrak, emakumeak bezala, bere jabego bezala begiratzen ditu, baita plazer sexuala lortzeko tresna bezala ere. Emakume bezala jasotzen dugun indarkerien barruan kokatu behar dira sexu abusuak.
Eta kasu horietan, egoera zailagoa izaten da erasotzaileak inguru hurbilekoak izan ohi direlako: aita, aita-ordea, anaia, osaba, irakaslea, familiaren konfiantzako gizon bat. Hau da: haur edo gaztea guztiz fio da berarekin, eta kasu gehienetan maite du. Bortxaketa fisikoa jasateaz gain, bere konfiantza, maitasuna, eta identitate sexuala minduta geratzen dira.
Arrazoi osoz, esperientzia honi trauma deitzen zaio. Trauma bat zera da: sakon, zabal eta luzerako markatzen duen esperientzia. Haurtzaro edota gaztaro garaian sexu abusuak jasotzeak ondorio latzak ditu emakumearentzat, eta helduaroan irauten dute: beldurra, konfidantza falta, hiperzaintza, buruestima apala, autoerruduntasuna, depresioa, fobiak, gorputzari gorrotoa, desberdina sentitzea, haserre sentimendua... adibide gisa.
Ixiltasun beltz honetatik ateratzekotan, emakume batzuk hasi dira haurtzaro edota gaztaroan jaso zituzten sexu abusuei buruz hitzegiten. Momentuz apal-apal hitzegiten dute, haien baitan dauden emozioak begiratuz; momentuz pixkanaka-pixkanaka hitzak ematen dizkiete bizitako erasoei; momentuz guttika-guttika hitz egiten dute elkarrekin, esperientzia hori haiei bakarrik ez zitzaiela gertatu jakiteko.
(Kontaktuan jarri nahi izatekotan, idatz ezazu Berako 10. posta-kutxatilera)