Ramon Elosegi, lagun betiko

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 11

Uda honek harri latza sartu zigun bihotzean: kotxe istripu batean hil zen Ramon Elosegi biologoa eta mendi gidaria, bere familiarekin eta asto batek lagunduta Pirineo aldetik mendi ibilaldi baten itzulian zetorrela. Baina, nor zen Ramon Elosegi? Iruñerriko Beorburuko herrixkan bizi arren, harreman haundia izan du Baztan-Bidasoarekin: gure eskualdeko hegazti harrapakariak ikertu eta zentsatu zituen, gero Itxusiko Harrien Natur Erreserban babestuak izan direnak. Hainbat mendi bide, kaltzada eta, bereziki, Urdazubitik Belateraino zeharkatzen duen «Santiago Bide Baztandarra» landu eta zehaztu (gero Arkupeak Jubilatuen Elkarteko kide batzuekin ibili zuena), ditxosozko egun batetan behar bezalako babes legala izanen duena («defentsarik onena, erabilpena» zioen).
Bulego kutsu eta kargu ofizialetatik beti eskapoan, Ramon Elosegik konpromezu haundia hartua zuen Mendi Gidarien formazio eta profesionalizazio prozesuetan, ordea: ITGren ikastaroak Donezteben eta Iruñean, Baztan-Bidasoako hainbat lagunok parte hartu genuelarik. Egun landa turismoaren barne natur aktibitateen enpresen garapena delarik, Ramonek gizakian eta bere profesionalitatean sinisten zuen; horregatik Nafarroako Mendi Gidarien Elkartea bultzatu zuen.
Letra hauek omenaldi xume bat bertzerik ez dira, hainbat ezagupen eta une goxo zurekin konpartitu dugunon aldetik, Ramon. Udazken atariko gau honetan, Kintoko oreinak-basahuntzak ixilik izan dira. Zuk ba al dakizu zergatik? Nik ez; horretaz diot beti irakasle eta laguna izanen zarela. Ramon, adiorik ez, lagun betiko.

Mikel ALBISU
(BEINTZA-LABAIEN)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun