Joan den urtea ona izan zen eta aurtengoa oraindik hobea izaten ari da. Gainera, ez da abuztua bakarrik izaten hilabete ona. Uztailan gero eta lehenago hasten dira betetzen hemengo hotel eta etxe ruralak eta irailan, gero eta beranduago akautzen da. Pilarikako zubian, eguraldiak lagundu ez bazuen ere, aste osoa ona izan zen eta, orokorrean, urria hilabete ona izan da. Turismotik bizi denak edo hortik diru-sarrerak lortzen dituenak urte osoan nahi ditu bezeroak eta hori lortzen ari da pixkanaka. Udan, Aste Santuan eta zubi luzeetan Katalunia, Valentzia, Madril eta, azken aldian, Andaluziatik etortzen ari da jendea. Asteburuetan, Nafarroa, Gipuzkoa, Bilbo, Aragoitik etortzen dira, hurbilagotik. Errepideak hobetzen ari direla nabari da eta Nafarroatik eta Aragoitik aste bukaera pasatzera gero eta gehiago etortzen dira. Normalean, landa etxe osoetara etortzen dira, koadrilan edo familiarekin etortzen dira eta errepikatzen dute, urtean lau-bortz aldiz. Turismoaren ikuspegitik urte emankorra izan da. Kostatu zaio ailegatzea, baina bide onean goaz.