Euskal Herrikoaren ondotik, Nafarroako aizkolari txapelketa nagusiaren txanda izanen da. Finala, azaroaren 17an, feria egunean jokatuko da Doneztebeko udal pilotalekuan, arratsaldeko 5,30etatik aitzinera. Bertan izanen dira Mikel Mindegia zubietarra, Donato Larretxea aranztarra, Felix Etxeberria sunbildarra, Etxarri Aranazko Floren Nazabal eta Olagueko Jesus Senosiain. Lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbikomoztu beharko dituzte.
Joan den urtean Mikel Mindegia izan zen txapeldun. Aurten, faborito argirik gabeko lehia izanen da. Nazabalek sasoi bikaina erakutsi zuen Euskal Herriko txapelketan. Donato Larretxea ez zen hain fin ibili, baina uda polita egin du eta Mindegiak berak txapelari eutsi nahi izanen dio. Apostulariendako besta!