Peñagarikano irabazi zuen Euskal Herriko aizkolari txapelketa

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 10a

Mindegia laugarren, Larretxea bosgarren eta Etxeberria seigarren

Ustegabekoa izan zen urriaren 29an Oion­en jokatutako Euskal Herriko aizkolari txapelketaren finalean, Beizamako Joxe­miel Peñagarikano nagusitu baitzen, 35 minutu eta 27 segunduko denborarekin. Bigarren postuan ere ustegabekoa izan zen, Etxarri Aranazko Floren Nazabal izan baitzen azpitxapeldun, Peñagarikanotik bederatzi segundu eskasetara. Azkeneko bi urteetako txapelduna eta aurten ere faborito nagusia zen Joxemari Olasagasti igeldoarra ez zen hain fin ibili eta denbora dexente galdu zuen. Hirugarren izan zen. Mikel Mindegia izan zen laugarrena, 38 minutu eta 54 segunduko denborarekin. Mindegia gustora agertu zen berak egindako lanarekin: «Adin honetan ez dago gehiago eskatzerik». Baina aurtengoa azken txapelketa izan zitekeela ere adierazi zuen. «Seguruenik hau izango da nire azken txapelketa. Urte asko daramatzat, eta ezin da beti hor ibili. Besteek ere ikus dezatela hau zer den» zioen zubietarrak. Donato Larretxea aranztarra bosgarrena izan zen, 41 minutu eta 21 segunduko denborarekin. Hasi, ongi hasi zen, baina azken egunetan izandako sukarrak ez zion nahi bezalako lana egiten utzi. Felix Etxeberria sunbildarra izan zen seigarrena, 47 minutu eta 37 segunduko denborarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun