Aurtengo Kultur Hamabortzaldia hil hunen 21etik abenduaren 3ra burutuko da Zirimolan taldeak antolaturik. Oroitaraziko dugu antolatzaileak iazko berak direla, erran nahi baita: Sarako Gaztetxea, Azkaingo Altxa Lili, Etxalarko Altxata eta Berako Gure Txokoa.
Joan den urteko gaia «Etxeak eta Bizitzak» baldin bazen, aurten hari beretik tiraka, hau da, etxearen barnerat sartuz, familia izanen da gaia.
«Familia biziaren bidean» hamabortzaldiaren eskutik gaur egun osatzen diren famili molde desberdinak aipatuko dira, lehengo familia tradizionalaren eredua nahiko hautsia baita. Biziaren ardatz diren lana, sexua eta hainbertze aipatzen den komunikazioa ere jorratuko dira Zirimolan taldeak antolatutako ekitaldietan. Herrian antolatu diren ekitaldiak hauek izanen dira:
Azaroaren 21ean, asteartea, arratseko 8ak terdietan Herriko Etxean mahaingurua eginen da, «Lana eta familia» gaiari buruz.
Abenduaren 2an, arratseko 9etan bertso kantu afaria Lastiry jatetxean. Xehetasun gehiago atxemanen dituzue aldizkari hunen kultur orritan.