Zirimolan kultur hamabortzaldiak familia eredu ezberdinak hartuko ditu xedetzat

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 10a

Azkaine, Bera, Etxalar eta Sarako elkarteak bildu dira aurten ere antolaketan

Azkaingo Altxa Lili, Berako Gure Txokoa, Etxalarko Altxata eta Sarako Gaztetxea elkar­teek antolatuta Zirimo­lan kultur hamabortzaldia burutuko da azaroaren 21etik abenduaren 3ra. Joan den urtean «Etxeak eta bizitzak» gai izan zuten aztergai eta aurtengoan etxe barnerat sartu dira, «Fami­lia, biziaren bidean» izan baita hautatutako gaia.
Lehenbiziko ekitaldia Saran gauzatuko da azaroaren 21ean, asteartearekin. Arratseko 8,30etatik aitzin Herriko Etxean «Lana eta familia» gaiari buruzko mahaingurua eginen da. Peio Iralur Euskal Labo­ra­rien Batasuneko kidea, Marta Agirrezabala Gipuzkoako EHNEko idazkaria, Jane Kreckel­bergh «Emazteak diote» taldeko lehendakaria eta Eraikizaneko kidea, Maider Jauregiberri Familiaren Sindikatu Konfederazioko partaidea eta Esteban Olaizola Gipuzkoako Kofradien lehendakaria izanen dira solasean. Joxet Oxan­da­baratz izanen da solasaldiaren eramailea.
Azaroaren 23an, ortzegunarekin, arratseko 8,30etan Azkaingo Biltokin «Sexu mitoak apurtzen» mintzaldia eskainiko du Luis Elber­dinek. Azaroaren 24an, ortziralarekin, rock kontzertuak izanen dira Berako Altzate karrika­ko ostatuetan. Arratseko 9etan Marakooja taldeak joko du Zizkan, 10e­tan Inguma taldeak Bi­dax­kan eta 11tan Selek­tah kolektiboak Puin.
Azaroaren 28an, asteartea, «Familia, afektibitatea eta komunikazioa» mintzaldia eskainiko dute Izargain elkarteko Teresa Belasko eta Luis Marko psikologoek Etxalarko He­rriko Etxean, arratseko 8etatik aitzinera.
Azaroaren 30ean, ortzeguna, Berako Iamo­tenean «Gay eta lesbianak» mintzaldia eskainiko dute arratseko 8etatik aitzinera Raul López EHGAMeko kidearen, David Lantheaume lapurtarraren eta emazte baten lekukotasunarekin.

Zinea, bertso-kantu afaria eta antzerkia abendu hasieran
Abenduaren 1ean, ortzirala, arratseko 9etatik aitzinera, euskal zine eta bideo emanaldiekin zine arratsa osatuko da Etxalarko Herriko Etxean. Sartze­ko 500 pezeta edo 20 libera ordaindu beharko da.
Abenduaren 2an, larunbatarekin, Sarako Lastiry jatetxean bertso kantu afaria izanen da arratseko 9etatik aitzinera. Hegoalde nahiz Iparraldeko kantari eta bertsulari gazteak izanen dira afarian: Amets Arzallus, Xumai Murua, Eneritz Zabaleta, Mirentxu Artetxe, Sustrai Kolina, Iñigo Olaetxea eta Estitxu Arozena. Afarirako txartelak 100 liberetan (2.500 pezeta) izanen dira salgai.
Zirimolan Kultur Hamabortzaldi hau akitzeko, abenduaren 3an, igandea, antzerkia izanen da arratsaldeko 4etatik aitzin Azkaineko kiroldegian. Hiru Punttu antzerki taldearen eskutik, «Hotel du fronton» Antton Lukuk idatzitako antzezlana ikusteko modua izanen da. Sartzea 30 libera (750 pezeta) ordainduko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun