Zakurren pressing-a kantxa guzian

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 10a

Horixe agindu die, dirudienez, entrenatzaileak. Berako eltzetzuek ez dute partiduaren minutu batean ere atsedenik hartzen, baino ematen du partidu honek ez duela bukaerarik.
Azken boladan zaila da Berako edozein karriketan 10 minutuz jarrita egon eta patrol berderik ez ikustea, gehiago oraindik arratseko 11etatik aitzinera. Ordu horretan oinez, bizikletan edo kotxez ibilki dena susmagarri garbia da beraientzat. Tristea da, bainan jendea ohitzen ari da edozein ordutan kontroletan gelditu eta paperak erakustera, kotxeko eskin guziak erregistratzen ikustera eta galdera ergelak erantzun behar izatera.
Estrategia hau ez da berria, bainan beti dago aldaketa ttikiren bat edo bertze. Orain gazte eta ez horren gazteei isunak jartzeko agindu garbia dute, batez ere pertsona hori beraientzat susmagarri diren hoien barrenean sartzen bada edo bertzerik gabe nola begiratzen dien gustatzen ez bazaie. Gazteen sakela izorratzea bertze helbururik ez duen estrategia hau beraiek ere aitortu dute kontrolen batean mehatxu gisa.
Adibide gisa: herriko gazte bateri isuna jarri zioten gerrikoa ez jartzeagatik nahiz eta jarrita eraman. Honek harriturik gerrikoa zeramala erran zienean berdin zitzaiela erantzun zioten, eta gelditzen zuten aldiro isuna jarriko ziotela abisatu.
Irri egiteko modukoak diren hainbat multa ere jarri dituzte: kotxean izozki bat jateagatik, “por ir comiendo un helado tipo cornete” hain zuzen. Bizikletarekin derrapatzeagatik bertze bati (bera gelditzera kontrako direkzioan etorri zirela erantzun zienean erreflektorea eta kaskoa ez eramateagatik multa bikoiztu egin zioten…). Egun batean gaizki aparkatzeagatik multa jarri eta kotxearen jabeari hurrengo astean entregatu… hamaika horrelako.
Eta hoiek irri egiteko modukoak baldin badira (nahiz eta ordaindu behar duenari grazia pizarrik ez egin), larriagoak dira zenbait gazteri egindako mehatxuak eta pertsekuzioak.
Horren kontra gauza handirik ezin dugu egin (edo bai), baino bederen ez dadila lagunarteko komentario bezala gelditu eta jende guziak jakin dezala zertarako dagoen hemen jendaje hau, baita horrelakoetan ezikusiarena egiten duten herritarrek ere.
Martxa hemendik!  

Kaltetuetako bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun