Elgarrekin eraiki dezagun Xiberoko Botza!

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 10a

Xiberoko Botzak, azken dei zabal bat egiten du euskal gizarte osoari, behin betikotz bere lan tresnaren jabe izateko.
Joan den martxoan, Xibe­roko Botzak kanpaina zabal bat hasten zuen Euskal Herri osoan, egoitza berri baten eraikitzeko asmoarekin. Esparru handiago bat erabiliz, nahi ditu lan baldintzak hobetu, irrati tresneria egokitu eta publikoari bere ateak ideki.
Xiberoko Botzak nahi ditu eskertu orai arte beren laguntza helarazi duten guztiak. Horier esker, xedearen lehen urratsa bete ahal izan da. Barneko aldaketa lanak laster bukatuko dira eta Xiberoko Botza bere estudio berrietan sartzen ahalko da, abendoan.
Xedearen gakoa estüdio berezi baten eraikitzea da zointan emanaldiak zuzenean grabatzen ahalko diren. Programazio berri bat bidean jarri nahi da, eztabada publiko, musika emanaldi zuzenean eskeiniz.
Honen burutzeko, ekipamendu berria erosi behar da eta biziki garestia da: 200.000 libera (5.000.000 pezeta).
Behar beharrezkoa da irrati tresneria berri horren lortzea, hori beit da Xiberoko Botzaren eguneroko lan tresna.
Hortako, Xiberoko Botzak azken dei bat egiten du euskal gizarteari, zozial, kultur, ekonomia arloko jendeari. Xede honekin da euskarazko irratiaren geroa gaur jokatzen. Denek elgarrekin eraik dezagun Xiberoko Botza!
Abendu bukaeran da Xiberoak eraik beza botza kanpaina amaituko. Helburua: 1000 laguntzaile 200 liberetan (5.000 pezeta).
Abenduaren 9an, Sohütan, azken kontzertua, honako egitarau honekin:
- Ikus (rock Iparralde)
- Piarres (rock Iparralde)
- Selektah Kolektiboa (euskal rap)
- Amparanoia (Madrile, latino rock)


XIBEROKO BOTZA

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun