Urte sasoi bakoitzak bere jakiak ditu

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 10a

Mª Josefa Arretxea Ameztia - Doneztebe

Basurdea

Erraxa
Prestatzen: Ordu erdi bat
Egiten: 2 ordu
Zenbatendako: 4 lagunendako

• 1,5 K. basurde haragi • 2 tipul buru • 3 baratxuri ale • 6 azenario • sagar bat • 2-3 tomate • 0,5 litro  ardo beltz • starlux • olioa • gatza • ura • ozpina

Lehen-lehenik haragia ur-ozpinetan utzi behar da garbitzen (2-3 ordu).

Tipula xehetu eta kazula batean jarri olioarekin egiten, eta segidan azenarioak, baratxuriak eta haragi puskak bota. Utzi egiten, eta haragiak kolorea hartu duenean, ardoa bota gainetik.

Gero su-golpea eman ardoaren alkohola erretzeko. Alkohola erre denean, nahasi eta utzi gozatzen. Sagar puskak bota, eta segidan, ura ere botako dugu, haragi puskak ongi tapatuak gelditu arte. Gatza eta starluxa.

Utzi egosten eztiki-eztiki haragiari kasu eginez ordu terdiz. Nahi izanez gero, patata puskak eta txapinoiak  ere botatzen ahal zaio platera osatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun