”Aurten 20 edo 30 kilo onddo bildu ditugu kongelatzeko”

Asier GOGORTZA 2009ko irailaren 10a

"Aurten denentzat pixko bat atera da onddoa, bainan iaz gutti atera baitzen… jendea pilaka etortzen da orain. Gipuzkoatik, iparraldetik… toki guzietatik. "

* Onddo bil­tzaile amorratua izandua da Narziso, naiz eta orain gerriko minak hainber­tze ibiltzen uzten ez dion. Hala ere errele­boa segurtatua du etxean.
* Ituren eta Zubietako mugan dagoen Pizarreneko bordakoa da sortzez. Azken urteotan, ordea, Eguzkial­dean bizi da, Aurtitzen.
* Aurtengo udazkena arras ona izan omen da onddoetara­ko, Narzisok dioenez “euri ona egin duelakoz.”
* Ibiltzekotan pago eta haritze­tan ibiltzea nahiago du, «pinuditan zuri xamarrak izaten dira onddoak, eta ez zaizkit gustatzen». Xixak ere ez ditu biltzen, ezagutu,  ezagutzen dituen arren.

Zu betidanik fuerte ibili zara onddo biltzen. Noiztik heldu zaizu afizioa?
Neri mutil-koxkorra nintzenetikan. Gazte­tan-eta aunitz ibili naiz, orain berriki arteraino. Orain gutti xamar ibiltzen naiz, zeren malda hoietan ibiliz gero gerri­tatik mina izaten dut gero. Halere xelaietan ibiltzen naiz oraindik.
Zeinek erakutsi zizun onddo biltzen?
Aitak erakutsi zidan. Ni baserrian sortua naiz eta han inguruan izaten ziren onddo aunitz.
Aurtengo udazkena aski ona izan omen da onddoetarako.
Bai, ni ez naiz ibili, bainan etxekoak bai. Jendeak onddo aunitz bildu du aurten Iturenen eta goiko mendi hoietan. Aurten euri ona egin du eta horregatik atera da onddoa.
Badakizu etxekoek zenbat kilo bildu dituzten?
Bueno, alabak lanean ari dira orain, bainan halere larunbat eta igandetan kilo saila bildu dute. Denen artean 20 edo 30 kilo bildu ditugu kongelatzeko.
Zuk zer nahiago duzu onddo biltzeko, pagadia, hariztia, pinudia…
Nik pagadia eta haritza, pinudian ez naiz ibiltzen. Zuri xamarrak izaten dira onddoak eta ez zaizkit gustatzen. Xi­xak ere ez ditut biltzen, ezagutzen ditut bainan onddoa nahiago dut. Ba­tzuei xixa gustatzen zaiote eta nik, berriz, onddoa ikaragarri gustatzen zait.
Nola prestatzen duzu jateko?
Nik beti hutsikan jaten dut onddoa, tortilan ez zait hainbertze sartzen. Haragi puska bat baldin badu laguntzeko­, ederki.
Zer behar da onddo­-biltzaile ona izateko?
Ona izateko ibili egin behar da azkarki, badakizu, goiz xamar joan eta ibili… goizetan aisa­go harrapatzen da on­ddoa. Berandu joanez gero bertze zazpi-zortzi lagun ibili zaizkizu lehenagotik. Ni ibiltzen nintzenean argitu orduko joaten nintzen, argitu esperoan egoten nintzen goi horretan.
Zure ustez azken urteotan jende sobera ibilki da hemengo mendi hauetan on­ddo bila?
Aurten denentzat pixko bat atera da, bainan joan den urtean gutti atera baitzen… jendea pilaka etortzen da orain. Gipuzkoatik, Iparraldetik eta toki guzietatik etortzen da jendea orain, azkarki gainera. n

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun