Eskualdeko zikloturistak biltzen dituen Urtxintxa taldeak akaututzat eman du denboraldia azaroaren 18an egindako afari batekin. Bertan, ateraldi gehienetan parte hartu duten taldekideak saritzeaz gain, omenaldi xume bat eskaini zitzaien Jon Bru eta Patxi Vila Berako txirrindulari afizionatuei, aurten egindako denboraldi bikaina eskertuz.
Urtxintxa zikloturista taldeak 23 lizentzia ditu, baina aurten egin dituen ateraldi ezberdinetan 53 lagun izan dira, gehienak Bortzirietakoak. Errepideko denboraldia akautu baldin badute ere, orain mendi bizikletarekin hasiko direla azpimarratu dute. Igandero, goizeko 9etan izaten dute hitzordua Berako Txantre ostatuaren aitzinean. Beraz, konpetizio munduan sartu gabe bizikletaren gainean une polittak bizi nahi duzuen guziek hortxe du zita, taldea nahi duen edonorrentzat irekia baitago.
Maila ezberdinetako txirrindula zaleak biltzen dira igandero
Jose Ramon Martin eta Jose Manuel Arrieta, Urtxintxa zikloturista peñako ordezkariek adierazi digutenez, edozein mailako txirrindulariek parte hartzen ahal dute beraien ateraldietan: «18 urtetik 60 urte bitarteko kideak ditugu eta bakoitza bere martxan joaten da. Helburu bakarra txirrindulari koadrila bat bildu eta igande goiza lagun arteko giroan pasatzea da, horrek jendea motibatzen du. Batzuk nahitaez lehenbizikoak ailegatu nahi dute eta bertze batzuk lasai ederrean paseatu».
Urtxintxa taldeak Katea-Bike Berako bizikleta dendaren laguntza izan du. Taldekide batzuk Tourmaletera, Pirinioetara, Hautacamera edo Covadongako lakuetara joan dira aurten, Quebrantahuesos, Miguel Indurain edo Donosti-Donosti bezalako probetan parte hartzeaz gain. Mikel Mujika beratarrak Santiago Bidea egin du bizikleta gainean. Aitor Martiarena triatloietan parte hartzeko prestatzen ari da eta Lanzaroteko Ironman proba egiteko asmoa du.
Jose Ramon MARTIN eta Jose Manuel ARRIETA Urtxintxa
Zein arazo nagusi topatzen dituzue errepidera ateratzean?
Inguru honetan errepide estuak ditugu eta trafikoa handia da. Horrek alboko marraren gainean ibiltzera behartzen zaitu, baina orain koxka horiek jarri dituzte eta hori hagitz txarra da guretzat. Nahitaez barnerago joan behar duzu eta orduan sortzen dira arazoak. Bakarrik edo binaka joanez gero, auniztan ez zaituzte errespetatzen eta ondo-ondotik pasatzen dira. Talde koxkorra ikusiz gero frenatu egiten dute bederen.
Aurtengo balantzea ona izan da zuentzat. Heldu den urterako zein asmo dituzue?
Taldeko kideek hainbat ateraldi egin dituzte beraien gisara, baina heldu den urterako taldearen iganderoko ateraldia indartu nahi dugu, ahalik eta ibilaldi politenak eskainiz. Ez dugu txirrindularitzan ari diren kluben kontra jo nahi, alderantziz, nahi duten guziarendako eskura gaituzte. Bertzalde, udan, Pedalaren Eguna bezalako zerbait antolatu nahi dugu.