Gozatu ederra hartu zuten feria egunean Doneztebeko pilotalekura hurbildu ziren herri kirol eta aizkora zaleek. Nafarroako aizkolari txapelketa nagusiaren finala zen jokoan eta Mikel Mindegia zubietarrarekin batera, Etxarri-Aranazko Floren Nazabal, Arantzako Donato Larretxea, Sunbillako Felix Etxeberria eta Olagueko Antonio Senosiain aritu ziren. Mindegiak joan den urtean lortutako txapelari eutsi nahi zion, baina ez zuen lan errexa. Iaz, Donato Larretxea ez zen plazaratu eta, gainera, Floren Nazabalek inoiz baino sasoi hobea erakutsia zuen Euskal Herriko txapelketan. Hori dela eta, apostulariek Nazabalen alde egin zuten haseran.
Lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar zituzten eta lehenbiziko kanaerdikoan ikusi zen lehia gogorra espero zitekeela. Donato Larretxea izan zen azkarrena, baina berehala eta kasik aldi berean, moztu zuten beraien enborra Mindegia eta Nazabalek. Bigarren enborrean suerte txarra izan zuen Donatok, eta bere aizkorarik onena hautsi egin zuen. Honela, Floren Nazabal izan zen azkarrena bigarren kanaerdikoan. Hirugarren enborrerako aitzina hartu zuen Mindegiak eta hortik aitzinera, lehia gogorra izan zuen Nazabalekin, baina beti aurretik izan zen zubietarra. Larretxea, berriz, pixkanaka betetzen joan zen. Azken asteetan izan duen gerriko minak ere ez zion sobera lagundu. Antonio Senosiainek lan polita egin zuen eta azkenean, Donatorekin borroka peleatua izan ondotik, hirugarren postua lortu zuen Olaguekoak. Felix Etxeberria sunbildarra saiatu zen, baina oinbiko enborretan ezpala itxi egin zitzaion eta nahiko lan izan zuen enbor horiek mozten. Honela, Mindegia abantaila ttiki batekin ailegatu zen azken bi enborretara eta hor ez zuen hutsik egin. Bere erritmoari eutsiz eta arerioak zeharka begiratuz, 25 minutu eta 12 segundutan akitu zuen bere lana. Nazabalek 42 segundu gehiago behar izan zituen. Hirugarren posturako lehia estuan Antonio Senosiainek lau segunduko atera zizkion Donato Larretxeari. Felix Etxeberriak itxi zuen sailkapena. Ordu erdi baino gehiago behar izan zuen bere lana burutzeko, 30 minutu eta 17 segundu.
Mikel MINDEGIA
Nazabal zen faborito, baina azkenean zu nagusi…
Bai, Nazabalek ere lan ona egin du, baina nik ere lan ona atera dut. Euskal Herriko txapelketan baino gustorago aritu naiz, gerrietatik eta kondizio hobean etorri naiz eta lan ona atera dut.
Maiz aipatu duzu txapelketak uzteko asmoa, baina oraindik aurrean ibiltzeko moduan zaude…
Bai, oraindik taila ona dudala ikusten da, baina gogorra da horrela mantentzea, asko sufritu behar da. Adinean aurrera noaie eta gazte hauei eusteko sufritzen jakin egin behar da.
Gazteek ez ote dute gehiago sufritzen zaharrari eusten?
Beraiek ere nahiko lanekin dabiltzala iruditzen zait, bai.