Abenduaren 15ean ospatuko da Doneztebeko Bordatxo dantzalekuan Arkupeak erretiratuen elkarteak, Nafarroako Kutxaren laguntzaz prestatuko urte akabailako besta. Egun honetan, hil ondoko omenaldia eskainiko zaio Ramon Elosegiri, Baztan, Belate eta Barrankan barna igarotzen den Santiago Bidearen bultzatzaile eta gidari izandakoari.
Autobusak Doneztebera heldu ondotik, 11,30etan Meza Nagusia emanen da Doneztebeko elizan, hildako bazkideen oroimenez. Txomin Garmendia eta Bittor Elizagoien bertsolarien saioaren ondotik, aurten egindako ekitaldiak aztertu eta heldu den urterako prestatu diren ekintzak aurkezteko solasaldia eskainiko da. Ondoren, agintarien solasaldiaren txanda izanen da. 1,30etan bazkaria izanen da Bordatxon, Moderno jatetxeak emana. Bazkalondoan, 4,30etatik 7,30etara dantzaldia izanen da eta autobusak arratseko 8etan bueltatuko dira etxera.
Izena emateko epea abenduaren 4an akituko da eta antolatzaileek adierazi dutenez, epe horretatik kanpo ez da inor ere onartuko. 3.500 pezeta ordaindu behar dira eta prezio horretan, Eguberrietako zarearen zozketarako zenbaki bat sartua dago.