Kultur Egunak antolatu ditu Ibintza taldeak abenduaren 7tik 10era

Iban ISASI 2009ko irailaren 10a

Azken urteotako martxari segituz, abendu hasieran Kultur Egunak antolatu ditu Iturengo Ibintza taldeak. Hasteko, larunbat honetan, abenduak 2, afizionatuei zuzendutako argazki rallya antolatu dute. Antolatzaileek hamabi gai proposatuko dituzte eta gai bakoitzetik argazki bat atera beharko da. Parte hartzeko baldintza bakarra 14 urtetik goiti edukitzea izanen da, hori bai, mila pezeta ordaindu beharko dute izena ematerakoan eta profesionalek ezin izanen dute parte hartu. Izen ematea abenduaren 1a baino lehen egin behar da Herriko Ostatuan, Txo­kon eta Aurtizko Osta­tuan.
Argazkilariek beraien makina eta karretea eraman beharko dute eta argazkiak Iturenen bakarrik ateratzen ahal dira. Goizeko 11,30etan hasiko da rallya eta karreteak arratsaldeko 6etan entregatu beharko dira. Ar­gaz­ki hauekin erakuske­ta eginen da abenduaren 7tik 9ra eginen diren Kultur Egunetan.

Hainbat ekitaldi antolatu dira Kultur Egunetan
Heldu den ortzegunean, abenduaren 7an, abiatuko dira Ibintzak antolatutako Kultur Egunak. Arratsaldeko 7etan herriko trikitilariak karrikaz karrika ibiliko dira. Ordubete beranduago talo jatea izanen da Herriko Etxeko ganbaran. Arratseko 10,30ak aldera, zine emanaldia eskainiko da leku berean.
Ortziralean, abenduaren 8an, umeendako tailerra eta ginkana izanen dira goizez. Eguerdiko herri bazkariaren ondotik, arratsaldean umeendako jokoak izanen dira. Herriko trikitilarien eskutik kalejira izanen da eta ondotik, zine emanaldia, marrazki bizidunen pelikula batekin. Eguna akitzeko, Seni­deak erakundeko ordezkari batek solasaldia eskainiko du.
Larunbatean, Argaz­ki Rallyan ateratako argazkien erakusketa izanen da egun osoan He­rri­ko Etxeko ganbaran. Gainera, erakusketa bisitatzen dutenek, euren ustez argazki politenak direnak hautatzeko aukera izanen dute. Goize­an irrati saioa izanen da. Arratsaldean, Ipuin kontalari bat ariko da eta gero, 7,30etan, ar­gaz­ki rallyaren sariak ba­­natuko dira. Arra­tsean herri afaria izanen da.
Igandean, azkenik, dantzaldia izanen da arratsaldeko 6etatik aitzinera Herriko Etxeko arkupetan, Imuntzo eta Belokiren eskutik.  Gogoratu behar da bikote honek 25 urte bete dituela elkarrekin eta, honenbertzez, saio berezia espero da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun