Inguru honetako harategietan erosten dutenek badakite bertan sortu, hazi eta hildako aretzeen haragia jaten dutela. Beraz, ez dugu aretze haragiaren salmentan beherakadarik somatzen, alderantziz baizik. Zerbait gehiago saltzen dugu, akaso. Izan daiteke supermerkatu handietan erosten duen norbait herrietako harategi ttikietan erostea, konfidantza gehiago dutelako: galdegiten dizute ea nongo haragia den, non sortua, nola hazia, non hildakoa. Guk informazio hori ematen ahal diogu, baina bertze zenbait lekutan ez. Harakina ez ezik, abeltzaina ere banaizenez, nere aziendak kalitate onenekoak izaten dira. Bi arrazakoak ditut, ile horia eta pirenaika eta Nafarroako bi elkartetako kide naiz. Bere arraza garbitasuna segurtatzen duten paper guziak dituzte azienda hauek. Erosteko garestixeagoak izaten dira, baina gero, handiagoak dira, haragi gehiago izaten dute eta kalitate hobekoa gainera. Janaria ere guztiz naturala ematen diogu, Betelun egiten duten pentsu naturala, artoa, garagarra eta sojarekin. Hazteko behar duten mineralak izaten dituzte, baina bertzerik ez. Hildako aziendekin pentsua egitea pekatua da gero!