Behikiaren ordez xerrikia eta aretzea gehiago erosten du orai jendeak

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 10a

Jean Pierre ARBURUA Harakina. Sara

Frantziako telebistan eta ez da bertze konturik orai: behi eroen eritasuna. Horregatik, jendeak gutixeago erosten du eta horren ordez, xerrikia eta aretxekia edo oilaskoa erematen du. Dena den, guk behi haragia Zuraidetik ekartzen dugu, ez dugu kanpotik ekartzen haragirik. Beraz, Frantziako Gobernamenduak hartu dituen neurriak, hau da, hexurra duten haragi puskak saltzea debekatzea edo azienda hilen pentsua debekatzea ongi daude, baina hemen ez dute horrelako eraginik, hemen ez baita inoiz horrelakorik egin. Egia da jendea beldurrarekin dagoela, nik uste sobera indarrarekin aipatua izan dela, egun guziz ari baitira telebistan, radioan… Nahitaez beldurra bada baina hemengo haragiak ez du dangerik batere, hemen bereko haragia ibiltzen dugu. Nik ez dakit Pariseko denda handietan zer salduko duten, baina hemen behi haragia lasai erosteko erraten ahal dut. Zernahi gisaz, afera honek gauza ona ekarriko du: haragia kontrolatu eginen da eta ez da edozer gauza salduko. Jendeak galde egiten digu nongo haragia saltzen dugun eta guk paperak erakusten dizkiogu. Iparraldeko eskoletan ere debekatu egin dute behi haragia ematea, beldur hori hor dago, baina nik uste fite pasatuko dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun