Nafarroako Iparmendebaldean bizi garenok urtean 3.551 milioi pezeta gastatu genituen iaz Nafarroatik kanpo, hau da, gastu osoaren %14. Honeri, Iruña aldean egindako erosketak gehitzen badizkiogu, aisa antzematen ahal da eskualdeko dendak alde batera utzi eta kanpoan erosteko joera handia dela.
Baina, ba al dakigu gure dendek eskaintzen duten generoa nolakoa den? Egitan gure denda ttikietan baino merkeagoa al da hiri handietako hiper handietan saltzen digutena? Hori jakiteko baliagarriak suerta daitezke azken urteotan gurean furi-furian dauden moda desfileak. Almandoz, Etxalar edo Arantzan egindako moda desfileen bidetik heldu zaigu abenduaren 3an Doneztebeko kiroldegian eginen dena. Ikusi, ikasi eta gero, jakinaren gainean, gehien komeni zaizun lekuan erosi.
Denok dakigu denda batek aparteko bizia ematen diola gure herriari. «Dendak non, bizia han» leloa aditu dugu sarritan, baina, halere, aunitzek herrian bertan baino nahiago izaten dute kanpoan erosi. Hipermerkatu handietara egunpasa joan, eskura-eskura, bata bertzearen ondoan dauden dendetan kuxkuxeatu, zinean pelikula ikusi eta handik ateratzerakoan afaldu. Irunen eta Donostian, adibidez, teilatu azpi berean egiten ahal diren gauzak dira. Joan den urtean, 3.551 milioi pezeta gastatu zituzten gure eskualdeko erosleek Nafarroatik kanpo egindako erosketetan, gastatutako guziaren %14, hain zuzen. Honelaxe ageri da Ernst & Young enpresak, Nafarroako Gobernuak Merkataritza Ganbarari emandako mandatua betez egindako txostenean. Gehienek Irunera jo zuten (%58) eta bertze %20ak Donostia aukeratu zuen. Baztan eta Leitzaldetik batez ere Iruñera joaten direnak gehitzen baditugu, kontuak garbi daude: eskualdeko dendetatik kanpo egiten den erosketa kopurua gero eta handiagoa da. Joera hori baretzeko zenbait kanpaina egiten ari dira gure dendariak. Joan den urtean, «Hemen bizi, hemen erosi» kanpaina burutu zuen Bertizko Partzuergoko Merkatari Elkarteak.
Abenduaren 3an moda desfilea Donezteben
Bertzelako ekimenik ere izan da: azkeneko urteetan moda desfileak ugaritu dira eta udaberri honetan Bidasoako Ezkongaien Feria Etxalarren, Bortzirietako lehen moda desfilea Arantzan eta hirugarren udaberriko feria Almandozen izan genituen, kasik segidan. Ildo horreri segituz, negu parteko nobedadeak ikusteko aukera izanen da abenduaren 3an, arratsaldeko 6,30etatik aitzinera Doneztebeko kiroldegian eginen den moda desfilean. Kulturkari arduratu da honen antolaketaz. Kulturkariko Karmele Tolosak adierazi digunez, «Udazken eta neguko eskaintza ikusteko berandu xamar izaten ahal da, baina Eguberrietako eskaintza ikusteko garai aproposa da. Gainera, aurten besta eguna baldin bada ere, San Frantzisko egunean hemendik Gipuzkoara erosketak egitera joateko joera dago eta horrek mina egiten die hemengo komertzioei».
Desfileen helburu bakarra ez da saltzea
Erostera kanpora joateko joera hori baretzeko modua izaten ahal dira moda desfileak eta feriak. Yoan ileapaindegiko Mari Jose Zozaiaren ustez, «feria hauek laguntzen dute hemen dagoen aukera erakusten, eta gero jendeak erosteko orduan ez du horren aisa jotzen kanpo aldera». Dena den, helburu bakarra ez da saltzea. Doneztebeko Mari Cruz lentzeriako Elena Erasok erran digunez, «erakutsi nahi da lehenagoko “herriko dendatxoa” historiara pasatu zela, eta argi utzi hemengo komertzioak ere konpetitzen ahal dugula, ez dagoela beti kanpora joan beharrik».
Gure inguruko denda eta komertzioek eskaintzen duten aukera ikusita auniztan harritua gelditzen omen da jendea. Arantzako Amaia ileapaindegiko Amaia Apezetxeak Bortzirietako lehen moda desfilea antolatu zuen. Berak adierazi digunez, «ni bederen harritua gelditu nintzen zenbat gauza ditugun arropetan eta gainerakoetan, eta pentsatzen dut publikoari ere igualtsu gertatu izanen zitzaiola. Bertakoari ez diogu hainbertze garrantzi ematen eta kanpokoa gehiago baloratzen dugu. Bertan ere aukera zabala badagoela erakusteko modua dira desfile hauek».
Desfileak, bertako komertzioak elkarlanean hasteko modu polita dira. Bilerak izaten dituzte desfileak antolatzeko eta iritziak elkar trukatzeko modua izaten dute. Amaia Apezetxeak dioen bezala, «horrelakoetan bederen elkartzen gara, bertzenaz guttitan».
San Frantzisko egunean Doneztebeko kiroldegian eginen den moda desfilean izanen da eskualdeko komertzioen eskaintza ikusteko aukera berri bat.
Karmele TOLOSA Kulturkari
Inguru honetan aurten egiten den laugarren desfilea da. Horren beharra somatzen zen?
Orain arte egin diren feria guziak udaberrian egin dira. Udazkenean ez da horrelakorik egin eta proba moduko bat da. Gainera, modu ezberdin batean antolatu nahi izan dugu; orain arte jatetxeetan egin dira guziak eta horrek jende kopurua mugatu egiten du. Jendea larri ibiltzen zen sartzeko eta barnean ere estu xamar egoten da eta ez zuen gustora ikusten. Doneztebeko kiroldegian arazo hori moldatuko da.
Jendeak inguru honetan erostea lortzeko modu bat dira desfile hauek?
Jendeak herrian bertan duena ez du ezagutzen eta zuzenean kanpora joateko ohitura du. Gero, auniztan bueltan etorri eta ikusten du ondoko dendan gauza beretsua duela eta gainera, merkeago. Hasteko, herrietan zergak hirietan baino ttikiagoak direlako. Bertze gauza kurioso bat ere gertatzen da denden artean: beldur gehiago diote ondoko konpetentziari hiri handietakoari baino. Nire ustez konpetentzia handiagoa da kanpokoa, baina jendeak hori ez du asumitzen.
Akaso, jendeak ez du sobera ongi ezagutzen bertan duen eskaintza…
Jendea harritua gelditzen da beti desfileetan. Ez du uste honelako gauzak daudenik hemen bertan. Kanpoan aukera hobea eta gehiago dagoela uste du eta hori ez da horrela. Hemen komertzio ona dago. Aukera handia dago, batez ere arropan. Modu guzietako markak daude, merketik hasi eta garestienera. Denetik topatzen ahal duzu.