”Astean bi ordu guretzat ez da deus, bainan beraientzat bizia da hori”

Asier GOGORTZA 2009ko ira. 10a, 10:26

"Lehenbizi laguntza ofizialak daude, eta soilik hondarre­an, ez dutelarik inor, orduan sartzen gara gu. Ez diogu inori lanik kentzen."

* Abenduaren 5ean Bolunta­ria­doaren Na­zioarteko Eguna izanen da mun­du osoan, eta Baztango Bide­lagun taldeak ere besta herri­koi bat eginen du hori ospatu eta jendea kontzientziatzen segitzeko.
* Gaur egun 38 boluntario ari dira Baztango xahar eta eriei beren laguntza eskaintzen, bainan beharrak handiak dire­nez boluntario gehiago behar omen dituzte.
* Boluntarioak etxekoandre­ak eta jubilatuak dira batez ere, bainan gazte bakar batzuk ere ari direla erran digute Isidro eta Aliziak.
* Luzera bertze herrietan proiek­tu hau ezagu­tzera eman eta taldea bertze eskualdeetara zabaltzeko asmoa erakutsi dute

Bada urte bat Bide­lagun sortu zela. Zer balorazio egiten­ duzue?
Alizia: Arras gustora aritu gara. Ikusten duzu xaharrek beren irri hoberenarekin hartzen datzutela, beti izaten dute zerbait kontatzeko, eta aunitz eskertzen dute elkarrizketa ttiki bat. Sentitzen duzu hortara denbora bat dedikatzeak egiazki merezi duela­. Nik animatuko nuke jendea apuntatzera.
Zein da zehazki egiten duzun lana?
A: Ni zahar-etxera gaten naiz, bainan badi­ra etxe partikularretara gaten direnak ere, eta baita Iruñean hospi­tale­an dauden xaharrekin egoten direnak ere.
Gaixotasun psikikoak dituzten eriekin ere egoten zarete, ezta?
I: Bai, Benitomendi zentrora gaten diren sei boluntario ditugu. Espe­rientzia diferentea da, han bertze eritasun bate­kin daudelakoz. Handik 19 eskaera daude, eta 7 bakarrik beteak. Hor hutsune handia dago eta boluntarioak behar ditugu betetzeko.  
Bertzalde, urte hone­tan lau traslado egin ditugu. Guk ez dugu edozein trasladatzen, behar gorrian daudenak baka­rrik. Izan ere, lehenbizi gizarteak ematen dituen laguntzak daude, eta soilik hondarrean, ez dutelarik inor, orduan sartzen gara gu. Ez diogu inori lanik kentzen.  
Zerbitzu ofizialak mantsoegiak dira?
Zenbaitetan bai. Es­kaera egin eta laguntza ailegatzen denerako beharbada bi hilabete pasatu dira. Tartean pertso­na hori gehiago eritu­ edo hil ere egin daiteke­.
Laguntzen dituzuenak ongi sentitzea da zuen sari bakarra orduan.
A: Bai, ez da bertzerik. Azkenean  aste­an bi ordu zuretako ez da deus, eta berendako aunitz da, behar hori sentitzen dutelako.
I: Denbora urrea dela erraten da, bainan urre horrek balioa du ematen duzularik. Aunitz alditan, zenbat ordu pasatzen dugu telebistaren aitzinean? Guk ordu bat, edo bi ordu eska­tzen dugu astean. Ez duzu zure bizia aldatu behar hemen hasteko.
Zer egin behar du boluntario izateko gogoa duenak?
A: Edozein boluntariorengana jotzea aski da. Boluntario izateko gogoa izan behar da bakarrik. Hau ez da lana, solas egin, paseietan ateratzea, jostatzea…
I: Benitomendira gaten direnak kontatzen dute nola han egoten diren zure esperoan, ongi jantzirik, nerbiosturik…  aunitzek urte osoa pasatzen dute han sartu­rik. Beraz, guretzat ttiki­keria bat dena beraientzat bizia da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun