Olhain ikastolaren biltzar nagusia azilaren 24an iragan zen Gazteen Etxean. 1992 urtean ideki zen herriko ikastola 6 haurrekin, aurtengo ikasturtean 15 haur badire. Ate ideki egun bat antolatzea proposatua izan zen, herritarrek hobekiago ezagutu dezaten ikastola.
Ainhoa Zelaia irakasleak Seaska Federazioaren «Euskaraz bizi» proiektua azaldu zuen, Ipar Euskal Herriko ikastoletan euskarari buruzko diagnostiko bat egiten ari baitire. Andereñoak tokiko euskararen erabileraren inportantzia azpimarratu zuen. Hori bultzatzeko bi proposamen egin zituen: lehena, haurrek ahal bezain bat euskaraz mintzatzea eskolatik kanpo (familiarekin, elkarte desberdinetan, dendetan…); bertzea, hilabetero saratar bat ekartzea ikastolara haurrei istorioak kontatzeko.
Bulegoaren aldetik, lehendakari den Bittori Etxeberrik bere postua uzteko xedea azaldu zuen heldu den ikasturteko eta bertze buraso baten laguntza galdetu zuen hemendik goiti, aurten elkarlana egiteko. Muriel Txapartegik diruzaintza hartu du Jean Mixel Ondikolaren ordez eta idazkaritzan Arantxa Indaburuk segitzen du.