Abenduaren 7an hasi eta 10era bitarte Kultur Egunak antolatu zituen herrian kultur ekitaldiak antolatzen hamar urte daramatzan Ibintza kultur taldeak. Ortzegunean hasi ziren, urtero-urtero jende aunitz biltzen duen ekitaldi batekin, talo jatearekin. Momentu hartan ireki zen Argazki Rallyan ateratako argazkien erakusketa eta jendeak argazki onenak bozkatzeko aukera izan zuen. Ondotik, nahiko berandu, pelikula bat eskaini zen.
Biharamonean, abenduaren 8an, haurrei zuzendutako eguna izan zen. Eguerdi aldera Ginkana eta ttikienendako tailerra antolatu ziren. 50 haur inguru elkartu zituen Iturengo eskolako irakasleen laguntzarekin antolatutako bazkariak. Arratsaldean, haur jokoak eta pelikula izan ziren.
Larunbatean, euskal presoen bizi baldintzei buruzko hitzaldia izan zen, eta argazki erakusketako azken botoak bildu eta zenbatu ondotik, sari banaketa izan zen. Lehendabiziko postuan, 106 boturekin, Joseba Puerto gelditu zen eta irrati-kasette bat irabazi zuen, «Txispi zakurra», «Udazkena-negua» eta «Pasa den mendeko zerbait» orrialde honetan ageri diren argazkiekin. Bigarren postuan Josefa Goñi gelditu zen, 63 boturekin, «Nekazal tresna» eta «Argazki originala» argazkiekin. Argazki kamara eta artxibategia eraman zituen. Hirugarren postuan Maider Bereau gelditu zen, 39 botorekin, «Zubi erromanikoa» eta «Kontaminazioa» argazkiekin. Egunari akabaila emateko, afaria eta dantzaldia izan zen Herriko Ostatuan, 50 lagun bilduz.
Akitzeko, igandean, Imuntzo eta Beloki eta bere taldeak 25. urteurreneko kontzertu bikaina eskaini zuen Herriko Etxeko arkupetan.