Abenduaren 13an, Santa Luzia eguna ospatu zen Donezteben. Goizean Malerrekako artisauen erakusketa eta salmenta izan zen eliza atarian. Bertan, eskulanak egin eta bertako produktuak lantzen dituzten hainbat lagun izan ziren: Florentino Ibarra (larrua), Monica Hosterei (zeramika) Kimu (zeramika), Fausti Juanotena (zeramika), Daniel Fioramante (zeramika), Bittoriano Arzuaga (artilea), Miguel Urroz (zura), Jose Luis Olaizola (zura), Miren Lizasoain (eztia), Carlos Mindegia (gasnak) eta Joxepa Loiarte eta bere koadrila (Zubietako taloak).
Santa Luzia, jostun eta arropagileen zaindaria dela kontuan hartuz, Meza Nagusiaren ondotik, Doneztebeko Udalak jantzigile izandako Francisco Astizeri Urrezko Titarea eman nahi zion, baina omendua bidai batean zegoenez, itzultzen denerako gorde zuten oparia.
Gero, Manolo Arozena eta Bittor Elizagoien aritu ziren, bertso kantari, Estitxu Arozenak jarritako gaiei erantzuna emanez.
Santa Luzia eguneko ekitaldiak akitzeko, haurrek gozatzeko aukera ederra izan zuten arratsaldean, txotxongiloen emanaldiarekin.
Azken urteotan, kasik galdua zegoen Santa Luzia egunaren ospakizuna berreskuratzeko lanean ari da Doneztebeko Udala, Nafarroako Gobernuaren, Cederna-Garalur elkartearen eta Bertizko Turismo Partzuergoaren laguntzaz. Ondorioz, doneztebarrek herriko bertze besta egun bat bezala hartzen ari dira poliki-poliki jostunen eguna.