Urriaren lehenbiziko egunetan hasi zen uso-denbora azaroaren 20an akautu zen. Uso aldetik ongi hasi baziren ere joan den urtean baino 19 dozena guttiagorekin gelditu dira: 107rekin. Gerardo Danboriena usazalearen hitzetan «txar-txarra ere ez da izan. Arraroa errango nuke nik. Hasi ongi egin ginen baina urriaren azken aldera euria eta haizegoa etorri ziren. Azaroan ez da egun on bat ere izan. Denetara 107 dozenarekin konformatu behar izandu gara».
Hala ere, usategietan biltzen diren uso guziak ez dira sareetan gelditzen. Ehizturiek ere biltzen dute urtero-urtero uso-kopuru ederra. Aurtengoa, aldiz, ehizturientzat ere sasoi txarra izan da. Joxe Mari Maia ehizturiak kontatu digunez: «Balorazio exkaxa egiten diot nik aurtengo sasoiari. Ipar haizia beharrezkoa da eta aurten hortik ez dugu aunitz izan. Usoetan ez dugu iazko erdia ere hartu. Bakotxak ez du 20-22 uso baino gehiago eraman izanen aurten etxera».