Zazpi Herrialdeetako Herri Kirol Txapelketa Donezteben jokatuko da irailaren 12an

Amaia eta Ainhoa 2009ko irailaren 9a

Zazpi Herrialdeetako Herri Kirol Txapelketa Donezteben jokatuko da irailaren 12an Amaia eta Ainhoa

XXI. edizioa izanen da eta 17:00etan hasiko da

Irailaren 12an, larunbata, Euskal Herrialdee­tako Herri Kirol Txapelke­ta jokatuko da. Aurtengoa XXI. edizioa izanen da eta antolatzaileek Doneztebe aukeratu dute lehiarako. 17:00­etan hasiko da eta egural­di ona egiten badu Bear­zana pilotaleku irekian eginen da, eta txarra eginez gero, frontoi estalian.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea eta Zuberoako taldeak lehiatuko dira, guztira hamar probetan.

 

Hainbat modalitate

Kirolariak sokatiran 640 kiloko kategorian ariko dira, koxkor biltzerakoan 1,25 metrotara paratuak dauden 50 ale bildu beharko dituzte,18 kiloko ingudea ahalik eta gehien jaso beharko dute minutu eta erdiko denboran, 25 kiloko lastoa ahalik eta gehien jaso beharko dute bi minutuko tartean, 100 kiloko harriari ahalik eta jasoaldi gehien egin beharko dizkioten bi minutuz, 50 kiloko txingekin ahalik eta plaza gehien egin beharko dituzte, orgarekin plazari ahalik eta itzuli gehien eman beharko dizkiote, 80 kiloko zakuarekin 360 metro egin beharko dituzte, arpanarekin 45 ontzako enborrari hamar ebakialdi egin beharko dizkiote eta azkenik, aizkoran, 45 ontzako lau enbor ebaki beharko dituzte.

 

Nafarroako selekzioa

Nafarroako taldean parte hartuko duten kirolari gehienak eskualde­oak izanen dira: sokatiran Amaiurko taldea, koxkor biltzen Fernando Etxegarai (Bera), ingude altxatzen Jokin Aioroa (Ituren), lasto altxatzen Karlos Sein (Igantzi), harri-jasotzen Unai Bertiz (Sunbilla), txingekin Miel Angel Sukuntza (Leitza), orga jokoan Carlos Esparza (Lodosa), zaku lasterketan Santamaria, Raul Maiza eta Oier Aizkorbe (Berriozar), arpanarekin Josetxo eta Iñaki Barberena (Iraizotz) eta aizkoran Floren Nazabal (Etxarri-Aranatz).
Aipatu, azken bortz urteotan Nafarroak irabazi duela txapelketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun