Honetakoan AEK-ri tokatu zaio. Garzón epailea bere eskema «famatua» osatzen ari da. Erran nahi baita, Euskal Herriko herri mugimenduak kriminalizatzen eta ETArekiko lotura frogatu nahian.
Salaketa larriak agertzen zaizkigu autoan: ETA-ren partaide eta kolaboratzaile izatea, Gizarte Asegurantzari iruzur egitea eta baita iruzur fiskala ere.
AEK kriminalizatzeko argudio «kuriosoak» aipatzen ditu; bertzeak bertze, finantziatzeko txoznak, boletoak, Korrika, e.a. erabiltzen ditugula, horrekin «harremana» frogatu nahian.
Bertzalde, iruzurrari dagokionez, hemen denok dakigu AEK boluntarioz osatutako elkartea izan dela. Eusko Jaurlaritzarekin akordioa sinatu arte AEK-k ez zuen langilerik; geroztik hasi zen irakasleen egoera laborala regularizatzen.
Hor dugu ere, irurur fiskala egitearen akusazioa. Jakina denean, irakaskuntzan aritzen direnek ez dutela zertan ordaindu BEZ-a edo halako zergarik.
Auto honetan 19 pertsonari inputazio desberdinak egiten zaizkie eta guziak deitu ditu deklaratzera Madrilera. Lehendabizikoen artean dugu Lesakakoa den Eduardo Konde, aintzina Nafarroako arduradun izan zena. Hauek dagoeneko deklaratu dute eta momentuz, ez dute berehalako neurririk hartu hauen kontra. Hondarreko deklarazioak hilabete honen 22an burutuko dira eta ordura arte ez dugu jakinen, seguraski, zer gertatuko den.
Dena den, akusazioak larriak dira eta momentu latza bizi duguna, konpromezuak hartzeko momentua. Guk gure aldetik, eguneroko jardueran segituko dugu, hots, klaseak ematen eta euskararen aldeko lanetan. Eta hori da denei eskatzen dieguna ere: euskararen aldeko konpromezua berrestea, euskara ikastea, erabiltzea, euskaltegietan matrikulatzea eta eginen ditugun deialdietan parte hartzea.
Baztango AEK