Kirola egiteko eta jendea biltzeko gure lekurik egokienak

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 9a

Norbaitek imajinatzen ahal du bere herria pilotalekurik gabe? Eskualdeko gehienak mende honetan eginak badira ere, edozein herriri zerbait faltako litzaioke pilotalekurik ez balu. Bertan kirola egitea da beraien funtzio nagusia, baina gure herrietan bazkari-afariak, bertso saioak, kontzertuak, herri kirol saioak eta bertze mila ekitaldi antolatzeko aprobetxatu dira. Ez da harritzekoa, beraz, 1997-1999 hirurtekoan kirol arloan Nafarroan egin diren eraikuntza gehienak pilotalekuak izatea. Gure eskualdean dago horren adibiderik garbiena: frontoi berriak egiteaz gain (Legasakoa, adibidez), bertze aunitz berritu egin dira edo teilatua eman zaie (Eratsun, Igantzi, Donamaria..) azken urteetan, urte guzian erabiltzeko modua izan dezaten.

Nafarroa da Espainian biztanleko frontoi kopururik altuena duen komunitatea, Na­farroako Kirol eta Gazte­dia­ren Institutuak argitaratutako aldizkari batean ageri denez. Iparraldeko kopurua ere gisakoa izanen da. Ezker pareta duten pilotaplazen ordez, plaza libroak –aitzineko pareta dutenak bakarrik– eta trinketeak arruntagoak dira, baina ez da errexa izanen pilotalekurik gabeko herririk aurkitzea.
Baina pilotalekuak, frontis eta ezkerparetarekin, gaur egun ezagutzen ditugun bezala, ez dira aspaldiko kontua. Tibur­tzio Arraztoa, Laxoa Elkarteko kideak aipatu digunez, «ezker-pareta –orduan ble bezala ezagutzen zena– 1870. urteaz geroztik sortutakoa da. Beraz, erraten ahal da gaur hedatuen dauden pilota modalitateak, orduz geroztik sortutakoak direla: zesta-punta, joko-garbi, pala... Erre­mon­tea, adibidez, XX. mendekoa da, 1904. urtean sortu baitzen».
Ordura arte, pilotan aitzinez aitzin jokatzen zen, aurkariak –bakarka, binaka nahiz launaka– aurrez aurre zirela. Inguru honetako toponimian maiz xamar agertzen omen da Pilotasoro eta gisako izenak, beraz, belagietan ere jokatzen zen bote luzean (laxoa bezala, baina eskuz, guanterik gabe jokatzen zen modalitatea).
Paxakan, berriz, ez zuten plazetan jokatzen, herriko etxeetako eta elizetako arkupe edo gorapeetan eta trinketetan baizik.

Pilotari eta etxe jabeen arteko eztabaida
Baina gaur egunekoak bezala ez izanik ere, pilota plazak 1870. urtea baino lehenagokoak dira. Horren erakusgarri da Baztango Balleko Etxean agertu zen XVIII. mendeko agiria. 1785. urtean, eztabaida gogorra sortu zen Oro­nozko plazan jokatzen zuten pilotarien eta Bortenea etxeko nagusien artean. Nonbait, pilotak noiznahi joaten ziren etxe hortako teilatu eta baratzera eta jokua debekatzea nahi zuten Borte­neakoek. Oronozko herria pilotarien alde azaldu zen eta Balleko Udalak emandako epaia herriaren eta pilotarien aldekoa izan zen: «Baztango herri guzietan dute pilota plaza eta jokua Balle osoko ohitura denez», jokalariei arrazoia eman zieten.

Plaza libreak galtzeko zorian
Pilota plaza ireki hauek, galtzen joan dira herri gehienetan. Hori dela eta, bere arrenkura azaldu du Tiburtzio Arraztoak: «Egia da Nafarroan frontoi aunitz daudela, berriak egiten eta zaharrak moldatzen ari direla azken aldi honetan, baina pilota plaza irekiak galtzen ari dira. Azken adibidea, Donamariako plaza izan da, teilatua eman eta itxi egin baitzuten. Hor ezin izanen da gehiago laxoan jokatu. Herriko Etxeek, pilotazaleek eta herriko jendeak kontzientzia hartu behar dute arazo honen aitzinean. Frontoi berriak bai, baina pilota plaza berririk ez da sekulan egin».

Bertze pilotalekuak

Trinketea

Batez ere Iparraldean man­tentzen den pilota lekua da  (Elizondoko Antxito­nea ere berreskuratzen saiatzen ari dira). Ezker paretak baino xoko eta koxka gehiago ditu eta jokatzeko biziagoa da. Esku huska nahiz pala, guante eta xistera ezberdinak erabiltzen ahal dira. Erraten dutenez, garai bateko eliz atarien itxura gordetzen du trinketeak, leku horietan jokatzen baitzen garai batean pilotan.

Plaza librea

Pilota aitzinez aitzin jokatzen zenean, ez zen frontis eta ezker paretaren beharrik. Honela, pilotariak –banaka, binaka nahiz launaka– bata bertzearen aitzinean jartzen ziren, herriko plazan nahiz pilota soroetan. Izan ere, pilota –tenisa bezalaxe– Erdi Aroan Frantzian jokatzen zen jeu de paume jokutik omen dator. Iparraldera eta Europara tenisa hedatu zen bitartean Hegoaldean pilota gelditu zen.

Arkupeak

Frontoiak egin aitzineko pilota plaza nagusiak izan dira Herriko Etxe eta elizetako arkupe edo gorapeak. Argazkian, Elizondoko Balleko Etxeko gorapea ageri da, eskuz jokatutako paxaka partida batean. Hain zuzen, paxaka eskualde osoan jokatzen zen kirola omen zen mende hasieran. Aurten, biga­rren urtez, guantearekin jokatzen den paxaka txapelke­ta antolatu du Laxoa Elkar­teak.

GOIZUETA
Herriko jauntxoen arteko gorabeheren ondorioz bi pilotalekuak batera egin zituzten

ilotarekin lotua dagoen herriren bat baldin bada hori Goi­zue­ta da. Gaur egun hiru pilotari profesional ditu –Olaizola anaiak eta Salaberria– eta berriki arte bertze bi ere izan ditu –Loiar­te eta Lu­jan­bio–. Gainera, afizio­natuetan sei aldiz irabazi du Goizuetak Nafarroako Herriar­te­ko txapelketa. Juan­txo Apezetxea, es­kuz banaka Mun­du­ko txapeldun izan da lau aldiz. Eta atzetik heldu diren pilotariek garaipen berriak lortzen ari dira han-hemenka. Mila biztanlera ailegatzen ez den herri baterako handia da hori. Zergatik galdetzerakoan goizuetarrak bat datoz: «hemen frontoia besterik ez dugu eta han biltzen dira haur guziak jostatzera». Izan ere, hiru pilota plaza dituzte Goizuetan. Horietako bat, eskolakoa, berri xamarra da. Beste biak, Lu­bi­nekoa eta Irisarrikoa, 1910. hamarkadan eraikiak dira, kasik aldi berean, eta historia berezi xamarra dute, Jose Javier Etxe­­­­­berriak aipatu digunez. «Ceferino Loiar­tek, garai hartan herriko jauntxoetako batek Lubi­neako atariko alorra erosi zien Altsuata­rrei, eremu hortan pilota plaza egiteko. Ga­rai hartan Iri­sa­rri­ko Esteban Arratibel zen alkate eta honek, berriz, beraien etxeko baratzean egin nahi zuen pilota plaza. Izuga­rriz­ko espa sortu zen eta, azkenean, bi pilota plazak egin ziren aldi berean. Ordura arte, ez zen ezker paretik Goi­zuetan eta Urrutinea­ko pareta erabiltzen zen frontis bezala».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun