Lesakako Beti Gazte sokatira taldeak sekulan inork lortu ez zuen marka lortu zuen iaz, Nafarroako txapel guzien jabe egitea eta txapelketa guzietan tiraldi bakar bat ere galdu gabe gainera. Abenduaren 16an Arbizun jokatu zen azkeneko saioa, 560 kiloko finala. Aresorekin borroka gogorra espero zen, 600 kiloko azken jardunaldian sei minututik goitiko tiraldiak izan baitzituzten elkarren artean Leitzan. Baina Arbizun, sendo azaldu ziren lesakarrak eta arazo handiegirik gabe, bi tiraldiak irabazi zizkioten Aresori. Lesakako taldea honako zortzikote honek osatu zuen: Jose Angel Mitxelena, Jesus Mari Telletxea, Oskar Telletxea, Iñaki Igoa, Igor Telletxea, Agustin Zubieta, Alejandro Sarobe eta Pascual Taberna. Bigarren postuan Areso gelditu zen, nahiz eta Txantreako aurkako lehen tiraldia kasik bortz minutukoa izan. Txantrea izan zen hirugarren eta Imotz laugarren.
Nafarroako zakulari txapelketan Txantreakoak nagusi
Sokatira saioaren ondotik, Nafarroako zakulari txapelketa jokatu zen, hiru hirukoteren artean. Talde bat Txantreakoa zen eta bertze biak Beti Gaztekoak.
Txantreako Ramontxo Balenzuela, Jon Diez eta Xabier Olleta suertatu ziren txapeldun, minutu bat eta 40 segunduko denborarekin. Bigarren postua Beti Gazteko Joxe Telletxea, Jexux Telletxea eta Bixente Igartzabalentzat izan zen minutu bat eta 46 segunduko denborarekin eta hirugarrena Beti Gazteko Iñaki Igoa, Oskar Telletxea eta Eloi Ordokirentzat, segundu bat gehiagorekin. Kirolari bakoitzak 80 kiloko zakoarekin 120 metroko ibilaldia egin behar zuen, hau da, hirukote bakoitzak 360 metro egin zituen.
Dena den sokatirako lau txapelak irabazi ondotik gustora daude lesakarrak. Orain, otsailaren 10etik apirilaren 8ra jokatuko den Euskal Herriko txapelketarako prestaketa hasiko dute.
Agustin ZUBIETA Beti Gazteko tiralaria
Historian lehen aldiz Nafarroako txapel guziak irabazi dituzue. Kontent egonen zarete…
Lehen bizpahiru aldiz lautik hiru irabazi genituen, baina aurten denak irabazi eta gustora gaude, inork ez baitzuen inoiz hori lortu.
Taldean lagun aunitz ari zaretela lanean erran nahi du horrek?
Jendez ongi gabiltza. Ez da errexa 680tik 560 kilora zortzikoteak osatzea, baina 15 lagun gaude tiran.
Orain Euskal Herriko txapelketa. Hor lautik lau lortzea ez da errexa izanen…
Asmoa beti hor dago, baina joan den urtean bezala hiru irabazten baldin baditugu, nahikoa izanen da.
Aurten ez da Munduko txapelketarik, baina Joku ez-olinpikoen topaketa izanen da Japonian. Joateko asmoa duzue?
Helburua Japoniara joatea izanen zen, baina Federazioak hautatzailea paratu du. Euskadiko txapelketa irabazten zuenak ordezkatzen zuen Euskal Herria orain arte. Orain talde bakoitzeko tiralari batzuk hartuko dituzte. Gainera, entrenamenduak Getxon izanen dira. Polemika handia dago.