Ezpelura emakumeen elkarteak ekitaldi aunitz antolatu zituen iaz

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 9a

Ezpelura elkartean biltzen diren emakumeek iazko ekitaldien ba­lantze positiboa egin dute eta aurten ere, bertze horrenbertze antolatzeko asmoa azaldu dute.
Iazkoari dagokionez, martxoan Emakumea­ren Astearen barnean gorputz irudia eta elikadurari buruzko solasaldiak antolatu zituen. Apirilean, urpekaritzari buruzko erakusketa eta diapositiba emanaldia izan zen. Kanta­bri­a­ko Cavárcenora egindako bidaian 55 lagunek hartu zuten parte. Maiatzean ikastaroen txanda izan zen. Sen­dabelarrei buruzko ikastaroan hamar lagun izan ziren eta erizain batek eskainitako erlajazio ikastaroan hamabortz.
Uztailean Arcachon­e­ra txangoa antolatu zuten, bertako ur-parkea bisitatzeko eta 35 lagun joan ziren. Urrian, ikasturte honetako ikastaroei hasera eman zieten. Donamarian ematen den altzarien zaharberritze ikastaroan bederatzi lagun ari dira, Donamaria, Ituren, Le­gasa eta Doneztebe­ko­ak. 60 orduko ikasta­roa izanen dute. Donezte­ben egiten ari den tapizeria ikastaroan 16 lagun ari dira eta hauek ere 60 orduko ikastaroa eginen dute. Ikasleak Doneztebe, Donamaria, Oronoz-Mugairi eta Etxalarkoak dira eta tartean gizaseme bat ere badago.
Donezteben burutzen ari den jostungintza ikastaroan, 24 eta 55 urte bitarteko 14 lagun ari dira, gehienak hasi berriak.
Abenduan, Egu­be­rri­e­tako sukaldaritza ikastaroa eman zuten, hiru egunez. Adin guzietako 27 lagun izan ziren, Burlatako Osta­laritza Eskolako irakasle batek emandako aholku eta errezetak jasotzen.
Gimnasia ikastaroan 24 pertsona ari dira, tartean gizaseme bat.
Erriberrira egindako txangoan, azkenik, 55 lagunek hartu zuten parte. Erri­berriko gaztelua bisitatzeaz gain, Vidaurre pasta enpresan eta Cárricas bodegan izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun