Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamenduak 2000. urteko Toki Azpiegitura Planaren barnean sartu ditu Doneztebeko Mourges eta Estazio karriketan egin beharreko moldaketa batzuk. Lanen aurrekontua 68.290.000 pezetakoa da, lan ezberdinetan banatuak.
Ur-hornidura, zola berritzea eta argia
Honela, 53.790.000 pezeta bi karrika horien ur-hornidura sarea egin eta zola berria emateko erabiliko dira. Kopuru horretatik, 34.930.000 pezeta Nafarroako Gobernuak ordainduko ditu. Ur-sareari dagokionez, ura banatzeko 245 metroko tuboa sartuko da eta saneamendu sarerako 811 metro. Gainera, suteen kontrako iturria eta etxeetan ura hartzeko bortz leku izanen dira. Bi karriketan asfaltoa emanen da. Galtzaden zabalera sei metro terdikoa izanen da eta metro terdiko espaloiak eginen dira. Mourges karrikan trafiko gehiago ibiltzen denez, zola ere sendoagoa emanen da.
Bertzalde, Mourges eta Estazio karriketako argiendako 6.810.000 pezeta bideratuko dira. Aurrekontu horretatik, 4.720.000 pezeta Leku Administrazio Departamenduak paratuko ditu. Estazio karrikan hameka farola artistiko jarriko dira, fundizioan egindako hiru metroko zutabeen gainean. Mourges karrikako argiak berriz, galbanizatutako zazpi zutaberen gainen joanen dira.
Azkenik, 7.680.000 pezeta behe-tentsioko argindar sarea berritzeko erabiliko dira. Kasu honetan, Nafarroako Gobernutik 3.790.000 pezetako dirulaguntza ailegatuko da. Mourges karrikan, lur azpiko kanalizazioa eginen da, ormigoiez estalitako tubo batekin, etxebizitzei hornidura emateko.