Belateko tunelak ireki zirenetik hiru urte bete direnean, Nafarroako Gobernuak larrialdietarako plana egitea erabaki du. Hau da, idatzi batean bilduko dira nola gerta daitekeen istripu bat, zer egin ez gertatzeko eta zer egin gertatzen bada. Baina adituek diotenez, Belateko tunelek ez dituzte gaur egun eskatzen diren segurtasun neurriak betetzen, duela hamar urteko irizpideekin eraikiak baitira.
Errepide arruntetan baino istripu gutiago
Tuneletan, errepide arruntetan baino istripu gutiago gertatu ohi da. Hiru urte hauetan, kamioiren batek bazterreko pareta ukitu du, baina ez da deus larririk izan. Jendeak arreta handiagoz gidatzen omen du tuneletan sartzerakoan, abiadura ere mugatua dago eta argi aunitz dute. Baina denok dakigu istripua gertatzen denean zein larria suertatzen ahal den. Beldurrik handiena suak sortzen du. Alvaro Miranda, Herrilan Departamenduko zuzendari nagusiak aipatu duenez, «zenbait gauza elkartu behar dira: lehenik bizpahiru autoren arteko istripua eta, horren ondorioz, sua piztea. Ez da errexa gertatzea, baina gertatzen ahal da».
Dena den, Herrilan Departamendutik ez dirudi Belateko segurtasun neurriak hobetzeko inbertsio handiegirik eginen denik. Mirandak dioenez, «garrantzitsuagoa da dirua errepide arruntetara bideratzea, urtean ehun hildako baititugu… hori da eskandaloa».
Su-hiltzaileen kezka
Larrialdietan parte hartzen duten su-hiltzaile eta medikuak, ordea, kezkatuak daude. Istripu arrunt batean ez litzateke arazorik izanen: trafikoa moztu eta bertze edozein istriputan bezala jokatu beharko litzateke. Baina suak egoera zailduko luke, minutu guttitan kea zabalduko bailitzake zuloan. Gainera, sute handi xamarra izanez gero, 400 eta 1.000 gradu bitarteko tenperatura hartzen ahal du tunelaren barnealdeak. Su-hiltzaileen jantziak 60 gradu bitarteko tenperaturetarako prestatuak daude. Adituek dioetenez, «tuneletan arras garrantzitsua da jendea lehenbailehen kanpora ateratzea. Larrialdiko aterabideak beharko lirateke guttienez 200 metrotik. Gainera, ongi seinalizatuak egon beharko lirateke, gidariek ez baitakite non dauden eta nondik atera behar duten». Belateko tunelak 2,9 kilometro ditu eta Almandozkoak 1,2. Ez dute larrialdietarako aterabide bakar bat ere. Kasurik larrienean, Belateko tunelaren erdi -erdian sua gertatuko balitz, gidariek kilometro terdi egin beharko lukete zulotik ateratzeko. Su-hiltzaileendako lana ere ez litzateke errexa izanen, kasu horietan ez baita deus ikusten kearen ondorioz.
Hori bai, Belaten 33 kamara daude eta tenperaturaren gorabeherak somatzen dituzten laser izpiak. Ur tuboa eta 59 iturri ere badaude barnean, baita aparra eta estintoreak.