Euskaltegira ailegatu eta didaktika bilera hastera doa. Gaur asistentzia, puntualitatea eta helburu komunikatiboen segimenduaz arituko gara. Bazkalondoan kartelak jartzera joan gara. Aupa! Ordu batean lana bukatua! Kafea hartzeko denbora ere izanen dugu! Kafea hartu ondoren zentroko bilera. Gaur jorratu behar dugun gai zerrendak amaigabea dirudi: Zozketa, medio propioak, Korrika, euskaltegiko irteerak, ikastaroak, tailerrak… Beti bezala serio serio hasi dugu bilkura. Zozketari dagokionez, betikoa, salduko ote ditugu boleto guztiak aurten?… Hala beharrez!
Hurrengo puntua: Korrika kulturala. Arduradunak galdera majikoa egin du: Zer antola dezakegu? Bakoitzak bere ideiak bota eta azkenean bideragarrienak eta merkeenak ere (diru kontua dela eta) aukeratu beharrean gaude.
Gero Korrika dator! Hasi beharko dugu ere horretan buru belarri: Kilometroak neurtu, saldu Korrika lagun… eta Korrika ttikia?
Hurrengo puntua: medio propioak. Ze produktu erakargarri eta miragarri «asma» dezakegu euskaltegian diru pixar bat lortu ahal izateko? Ideiak botatzen hasi gara: AEK-zatoa, sexu-egutegiak, AEK kondoiak: «goza ezazu euskaraz», irri algarak…
Desbariatzen hasiak gara jada. Orduan arduradunak beti bezala, seriotasun pixka bat eskatu eta azkenean, AEK-boligrafoak salgai jartzea erabaki dugu. Bai orijinalak!
Hurrengo puntua: Ikastaro eta tailerrak. Beno, medio propioetatik ateratako diru pixar horrekin sendabelar tailerra antolatzea gogotu zaigu. Ongi! Baina bakarrik hori antolatuko dugu? Dirurik ez badugu ere irudimena erabiliz edota ezagunen baten laguntzaz baliatuz zerbait lortuko dugu. Lixto! Ziza eta onddo ikastaroa ere bidean dugu. Antzerki tailerra ere bai, primeran!
Animo, bukatzeko gutti falta da eta! Euskaltegian hilabetero egiten ditugun irteerak (herriko biztanle ororentzat ere zabalik daudenak) zehaztu behar ditugu: Eskiatzera joatea, zubi-saltoa, raffting, mendi-irteerak… benetan interesgarriak!
Azkenean bileraren amaiera, bazen garaia!
Baina, baina… oraindik klasea prestatzea gelditzen zait! Kafe-press bat hartu lankideekin eta gogoz lanari ekin diot. Ea, zer landu behar dugu gaur? Entzumena eta mintzamena. Ongi!
Zer egingo dut Nor-Nori-Nork lantzeko? Nire ondoan dagoen irakasleari laguntza eskatu eta segituan joko dinamiko eta polita azaldu dit. Eskerrik asko! Klasea prestatu eta bortz minutu ditut lasai egoteko.
Hara, lehenengo ikasleak ailegatu dira. Gelan sartu eta klasearekin hasi, baina nola motibatu egun osoan lanean aritu diren langile euskaltzale zintzo eta fin hauek? Hasteko, joko baten bidez aurreko astean ikusitako nozio batzuk errepasatuko ditugu. Primeran, gustora daude honekin!
Hamarrak jo orduko tripa zorriak ditugu guztiok. Klasea bukatu da, gaurkoz euskaraz nahikoa asetu dira…
Hauxek dira bada, orokorrean AEK-kide baten eginkizun eta erantzunkizunak, euskara irakastea eta sustatzea hain zuzen ere. Hau da gure delitua? Orduan zer, hurrengo delitua euskaraz mintzatzea izango da? Hau erokeria, Alajainkosa!
Gotzone REKONDO, Josune ETXEPARE eta Igor PORTU
AEKko kideak