Zerri pintto beltza bizirik eusteko ITGren saiakera

Aitor AROTZENA 2009ko ira. 9a, 10:45

Euskal arrazako zerri pintto beltza omen zen gure inguru honetan gehien hedatua zegoen zerria duela 50 bat urte arte. Mendi ingururako egokiagoa izan arren, bertze arrazako zerriekin konparatuz produktibidade ttikikoa zen: haztea gehiago gostatzen zaio eta banaz bertze umaldiko bortz zerrikume bertzerik ez ditu egiten. Honela, errentagarritasun handiagoko zerriekin hasi ziren lanean baserritarrak eta pittanaka-pittanaka euskal arrazako zerria galtzen joan zen. Desagertzeko punttuan ere egon da, baina Nafarroako ITGk berreskuratzeko saioa egin du azken sei urteotan. Oronozko Zubialdea baserrian zazpi zerrama eta aketz batekin hasi ziren duela bi urte. Gaur egun, berrogei eme eta lau ar dituzte, eta zerrikia merkaturatzen hasi dira.

Mende hasieran, bertze arraza batzuekin batera, Euskal Herria osoan hedatzen omen zen euskal arrazako zerri pintto beltza. Nafarroako mendialdeko zerriak, «bertako zerriak», ezaugarri onekoak zirela zioten. Honela, 1939an Nafarroako Diputazioko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak egindako ikerketa batek zera zioen: «Gure probintzian, jatorri ezberdineko zerriak ditugu; badira txarrak, Lizarraldean; erdi mailakoak, Erriberan eta onak Mendialdean».
Nafarroako mendialdean aspalditik hazi da zerria eta Nafarroako lehen zerri-granja ofiziala ere Bertizaranan sortu zuen Nafarroako Di­pu­ta­zioak 1889. urtean. Neka­za­ritza eta Abeltzaintza Zu­zendaritzak maiatzaren 18an egindako batzarrean, Oie­regiko Reparazeako jauregian eta Ustaritzeneko lurretan, «Baztan-Bidasoa erreka bazterreko azienda aberastasuna bultzatzeko granja-modeloa» sortu zuen. Bertako arraza garbiko zerriak erosi eta Inga­la­te­rratik Yorkshire eta Berkshire arrazako zerriak ekarri ziren, Pasaiako portutik barna, bertakoekin gurutzatzeko. Inga­laterra eta Frantziako zerri arrazekin egindako gurutzaketa hauetatik, zerri hobeak sortu ziren eta fama handia hartu zuten Baztan-Bidasoan hazitakoek, baztandar arrazako izenarekin ezagunak.
Zerri horien artean zegoen jatorri frantsesa zuen euskal arrazako zerri pintto beltza. Baina, errentagarriagoak suertatzen ziren bertze zerrien konpetentziaren ondorioz, desagertzen joan zen. Gaur egun, bi lekutan bertzerik ez dago Euskal Herrian, Baztanen eta Aldude inguruan. Galtzeko zorian izan ondotik, ITGk 1998tik Oronozko Zubialdean egindako saiakerak bere lehen fruituak eman ditu eta zerrikia komertzializatzen hasia da. Bere urdaiazpikoa probatu dutenen erranetan, zapore eta kalitate berezikoa da, iberikoaren iruditsukoa.

Mantsoago hazi, zingar gehiago eta mendirako egokia
ITGk egin eta Navarra Agraria aldizkarian argitaratutako azterketen arabera, zerri pintto beltza mendialderako egokia da, klima kaxkarrenetan ere ongi laketzen baitu. Arraza garbikoa denez, grasa edo zingar gehiago du eta gusto berezia ematen dio horrek bere haragiari. Izan ere, ITGko Juan Carlos Iriarte narbartearraren ustez, «azken urteetako kontsumo ohiturak, zingarrik gabeko zerrien alde egin du, haragiaren kalidadearen kaltetan».
Alde negatiboan, ez du zerri industrialak bezain hazkunde azkarra. Iriartek dioenez, «urtea behar du 130 kilora ailegatzeko. Zerri arruntak urte erdian 110 kilo hartzen ditu». Ondorioz, produkzio kostuak handiagoak dira eta azken produktua garestiagoa da. Azterketak dioenez, errentagarria izateko abeltzainari kiloko 300 pezeta ordaindu beharko litzaioke, zerri arruntarengatik ordaintzen denaren bikoitza kasik. Urdaiazpiko kiloa 3.000 pezetara ailegatzen ahal da merkatuan.
Azken urteotan zerriaren sektoreak krisi larria bizitu du. Produzitutako zerri bakoitzak sortzen duen etekina gero eta ttikiagoa da. Horregatik zerri haztegiek gero eta handiagoak izan behar dute, bizibidea atera nahi baldin badute. Ondorioz, famili-esplotazio ttikiak desagertzen joan dira egunetik egunera.

Dibertsifikaziorako baliagarria
Gure inguruko baserri ttikietan, zerri hauek haztea dibertsifikaziorako egokia izaten ahal da. «Ezaugarri ezber­dineko eta kontsumitzaileendako erakargarria izanen den zerri klase hau haztea alternatiba interesgarria izaten ahal da baserri ttikiendako: produzitzen den zerri bakoitzeko etekin handiagoarekin lan egiteko aukera ematen du eta ez dago merkatuko gorabeherei hain lotua» dio Juan Carlos Iriartek. Fran­tzian izandako esperientzia aberasgarria izaten ahal da, kalitateko urdai­az­pikoak onarpen zabala lortu baitu harategietan.

Vicente GOÑI IRUNGARAI  Oronozko Zubialdea

Nola gogoratu zitzaizun euskal arrazako zerriak baserrian paratzea?
Egia errateko, zerriak ITGrenak dira, bai euskal arrazakoak eta bai arraza normalekoak. Nik zaindu eta bazkatu bertzerik ez ditut egiten. Gero, Unibertsitatekoak etortzen dira analisi konparatiboak egitera. Bata eta bertzearen arteko ezberdintasunak aztertzen dituzte.
Horren arabera, zein ezberdintasun nagusi dago bi arrazen artean?
Euskal arrazako zerri pintto beltzak zinger gehiago du, haragia kalidade onekoa da. Mantsoago hazten da. Hasieran, arraza garbikoak direnez, hilik sortutako eta esnea edaten zuten bitartean hildako zerrikumeen kopurua handia zen, odol kidetasunaren ondorioz. Baina hori hobetu da, Frantziatik aketzak ekarri behar izan badira ere. Alimentazioa  ongi zaindua dute. Baztandarra Kooperatibak pentsua espres egiten du, kasik kartara eta antibiotikorik ez zaio sartzen.
Lehenago arraza hau arrunta omen zen inguru honetan. Bertze baserriren batean ezagutu duzu?
Nik ez, baina adineko jendeak zerri hori aunitz usatu zela dio. Dena den, orai gurean bertzerik ez dago inguru honetan. Frantzia aldean ere bada. Alduden granja haundi bat bada, bi langilerekin. Hango Gobernuak ordaintzen du.
Dirulaguntzak beharrezkoak dira, beraz, zerri hau produzitzeko?
Kalidade onekoa da, baina garestia ateratzen zaio produktoreari eta erosleari. Aketzak Frantziatik ekarri behar dira eta ez da batere merke. Momentuan, dirulaguntzak beharko ditu aitzinera ateratzeko. Merkatua egin eta zabalduko da, baina bitartean…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun