Udaberrian abiatuko da Bortzirietako Martiko-Shisha Pangma mendi espedizioa

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 8a

Berako Pikabea anaiak, Zubieta eta Kortarekin batera Zestoako lagun bat joanen da

Berako Luis Mari eta Patxi Pikabea, Sabino Korta eta Jabier Zu­bie­tak eta Zestoako Andoni Zulaikak osatuko dute udaberri honetan abiatuko den Martiko-Shisha Pangma mendi espedizioa. Mendizale hauen helburu nagusia, 8.046 metroko altuera duen Shisha Pangma Tibeteko mendia hegomendebaldeko paretan barna alpino eran goitzea da. Urtarrilaren 12an Martiko lantegian egindako aurkezpenean, Jabier Zubieta espedizio kideak erran zuenez, «horrela bide honetatik gailurra zanpatzen dugun lehendabiziko mendizale nafarrak izanen gara».
Bertzetik, mendi honek dituen zailtasun teknikoak gisako espedizio gehiago egiteko esperientzia eta konfiantza emanen dietela uste dute mendizaleek.
Gogoratuko duzuen bezala, lau mendizale beratarrek Gasherbrum-II espedizioa osatu zuten duela kasik bi urte, Ana Larretxea aranztarrarekin batera. Beraz, bigarren zortzi milakoa izanen da lauentzat. Andoni Zulaika zestoarrarentzat, berriz, lehen zortzi milakoa izanen da, nahiz eta mendian esperientzia zabala duen.

Hilabeteko espedizioa eta kasik 6 milioiko aurrekontua
Espedizioak 30 edo 40 egun inguruko iraupena izanen du eta 5.750.000 aurrekontua du. Lehen­ik, Madril­go aireportutik Katman­dura joanen dira, Ne­paleko hiriburura. Az­ken orduko erosketak egin eta dena prest edukitzean Nepal eta Tibet arteko mugan dagoen Kodari herrira hurbilduko dira. Hortik Nya­lan herriraino dagoen bidea autobusez eginen dute.  Hiru egunez oinez ibili ondotik, Shisha Pangma­ren magalean, oinarrizko kanpamentua izanen dena jarriko dute, 5.250 metrotan.
Orain arte, Euskal Herriko bi espedizio bakarrik saiatu dira Hego-mendebaldeko paretan barrena gailurra egiten. Lehendabizikoa, 1996. urtean, Juanito Oiartza­bal, Juan Vallejo, Luis Angel Rojo “Gorri”, Josu Bereziartua, Al­ber­to eta Felix Iñurrategi eta Jose Luis Zuloaga “Zulu”k osatua. Azken mendizale honek bizia galdu zuen espedizio hartan.

Shisha Pangma:
Zortzi milako ezezaguna

Shisha Pangma mendiak, historia alpino berexia du bertze zortzimilakoen aldean, izan ere, Himala­yaren erdiko katetik aparte eta oso-osorik Tibeteko lurretan aurkitzen da.
50. eta 60. hamarkadetan, bertze zortzimilako gailurretara ailegatzen hasi zirenean, Txinako gobernuak Tibeten sartzea debekatua zien atzerritarrei. Horren ondorioz, Shisha Pang­mako tontorra ez zen zanpatu, txinatar espedizio erraldoi batek 10 mendizale punturik altuenean jartzea lortu zuen arte.
80. hamarkadan Ti­beteko ateak atzerritarrentzat ireki zituztenean, Shisha Pangma esploratu gabeko eremu tentagarri bihurtu zen. Mundu osoko alpinistak hasi ziren hurbiltzen. Batzuk, mendi honen igoerak tentatzen zituen, baina ber­tze zenbaitek interes komertzialek bulkatuta soilik goitu zuten mendia. Hauek Shi­sha Pangmaren erdiko tontorrean –gailu­rra baino 19 metro beheitiago– gelditzen ziren. Orduztik, 6 bide desberdin zabaldu dira. Scott, Macinyre eta Roger Baxter Jones izan ziren mendebaldeko lehen men­diza­leak Shisha Pangman, 1983. urtean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun