Saldiasko Udalak egoera penagarrian dagoen errota zaharraren moldaketa lanak hasteko intentzioa du, oraindik gehiago hondatu ez dadin. Etxeak duen balio historikoa eta garai batean bete zuen funtzio soziala ere kontuan hartu dira lanei ekiteko orduan. Errota lanean ari zenean, arto eta gari asko ehotzen zuen eta bertatik ateratzen zen etekina edo laka, bazkideen artean banatzen zen. Pedro Urrutia, Saldiasko alkateak erran digunez, «herri guzia sozio zela esaten ahal da». Beraz, lanak hasi baino lehen, hilabeteko epea utzi du Udalak jendeak alegazioak aurkez ditzan, nahiz eta errotak aspaldian ez du lanik egin. Alkateak aipatutakoaren arabera, «lehenbiziko lana teilatua moldatzea izanen da. Gero, argindarra sortzeko minizentrala egiteko asmoa dugu, baina ikusiko da».
Bestalde, Danbolingo Borda baserrira doan bidea ere moldatzeko asmoa du Udalak. Pistari ormigoia emanen zaio eta Leitzako Pagozelai-Goizabal enpresak eginen ditu lanak, 4.150.000 pezetaren truke.