Guatemala: Begirada bat

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 8a

Joxerra LOPEZ Lagun-Artean taldeko kidea


Zergatik ez utzi eurei euren garapen eredua garatzen? Lagundu nahi badugu lagun dezagun, baina baldintzak jarri gabe. Bestela, orain arte bezala segituko dute. Guk dugun modelo kontsumista, indibidualista honetara hurbiltzeko izugarrizko ahaleginak egiten, zorrez betetzen diren bitartean.

Munduan ezarritako eredu kapitalistak funtzionatu eta Lehenengo Munduan kontsumismo maila mantendu ahal izateko behar beharrezkoa dugu beste herri batzuk zapalduta egotea. Azken urteetan diseinaturiko garapenerako bideak (GKE, %0,7, eta abarrek), beste aldetik, porrot egin dutela argi dago, herri hauen egoera ez baita bat ere hobetu.
Guatema­la­ri buruzko datuak, esate baterako, izugarriak dira: langabezia %60koa da, desnutrizio tasa Ertamerikako handiena, analfabetismoa %60koa baino altuagoa, herriska gehienetan ez dago osasun zerbitzurik… eta zerrenda izugarri hau nahi beste luza genezake, Guatemalan ez ezik «Garapen bidean» diren gainontzeko herrietan ere. Eta hemen gaudenok zerbait egin ote dezakegu egoera hau ez areagotzeko?
Lehendabizi kontzientzia hartu guk kontsumitzen ditugun produktu merkeak ea nondik etorriak diren. Esku artean erabiltzen ditugun produktuen etiketari begiratzea besterik ez dago nondik datozkigun ikusteko. Ze soldata pagatzen zaie hango langileei guk hemen horren merke erosteko? Adibide bat hau guztia zehazteko: Guatemalan kafea, bananoak, azukrea eta brokolia landatzen dira esportatzeko. Zenbat irabazten dute lan horietan aritzen direnek? Hango nekazariek egunean 20-25 Quetzal irabazten dute (500-600 pezeta; 20-24 Libera) goizetik gauera arte lan baldintza txarretan egindako lanaren truke. Diru horrekin ez zaie, inondik ere, duintasunez bizitzeko heltzen.
Zenbat irabaziko dute Indian edo Afrikan lan egiten dutenek?
Ez al du hemen langile mugimenduak gogor borrokatu soldata duina izateko? Zergatik ez gara kezkatzen herri hartako langileen soldata eta lan baldintzengatik?
Bigarrenez, hemendik luzatzen zaizkien dirulaguntzak askotan baldintza zehatz batzuen menpean emanak izaten dira, gure Lehenengo Mundu honetako gizarte eredua ezartzeko.
Zergatik ez utzi eurei euren garapen eredua garatzen? Lagundu nahi badugu lagun dezagun, baina baldintzak jarri gabe. Bes­tela orain arte bezala segituko dute. Guk dugun modelo kontsumista, indibidualista honetara hurbiltzeko itzelezko ahaleginak egiten, zorrez betetzen diren bitartean.
Edozein modutan, dena ez da txarra. Argi dago kontzientzia maila gero eta handiagoa dela, «komertzio justua» bultzatzen duten dendek ez dute porrot egiten, hemendik hara jarrera irekiaz egoera in situ ikustera joaten direnak ere gero eta gehiago direlarik. Eta benetan esperientzia aberasgarria dela haraino hurbildu eta egunak, hilabeteak edo urteak beraiekin konpartitu ahal izatea. Harrigarria da materialki hain gutxi duen jendearen artean dauden pertsona apartak aurkitzea; pertsona eskuzabalak, euren komunitateari emanak, ezer gutxi izan arren beti emateko prest egoten direnak.
Bukatu aurretik lerro hauetatik azken konbitea luzatu nahi nizueke: aukera baduzue haraino hurbildu eta beraiekin bizi garai batez (bakoitzak ahal duen neurrian). Seguru ez zarela damutuko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun