Duela hogeita hamar urte sortu zen Senperen Saint Christophe laborantza lizeoa. Garai hartan, nekazaritza eta abeltzaintza ikasketak eskaintzen zizkien Senpere eta auzo herrietako gazteei, batez ere. Baina Iparraldean baserriak indarra galdu zuen neurrian ikasle kopurua ere murrizten joan zen. Duela hogei urte ikastetxeari bertze norabide bat ematea deliberatu zuten, ingurumenarekin zerikusia zuten ikasketak landuz, bi maila nagusitan: bat urari atxikia, erreka teknikari eta arrain hazkuntza eta bertzea ihizi zaingoaren ofizioaren gainean. Albert Zubillaga zuzendariak erran digunez, lizeoan erakasten denak ez du gaur laborantza tradizionalarekin ikusteko haundirik. Pario bat egin zuten orduan eta apostu hori irabazi dutela erraten ahal da: duela hogei urte 80 ikasle zituzten bitartean, gaur egun 220 dituzte.
Frantzia osoan ingurumen ikasketak eskaintzen dituzten sei lizeo bertzerik ez daudela kontuan hartuz, alde guzietarik etortzen dira ikasleak Saint Christophe lizeora, Albert Zubillagak erran digunaren arabera: «Hemen inguruko ikasle gutti da. Departamendukoak ehunentzat hogeita hamar izanen dira, Akitaniakoak erdiak edo eta bertze erdiak Frantzia guzitik heldu direnak». Hegoaldeko ikasleak ere izan dituzte berriki arte eta zuzendariak atseginez ikusiko lituzke orain ere lizeoan. Baina, frantsesa jakin behar da eta Hegoaldean, ingelesak indarra hartu duen neurrian, frantsesa ikasten duten neska-mutikoak gero eta guttiago dira. Muga hori gaindituta, Saint Christopheko ateak zabalik dituzte Senperen: «Guretzat bidea irekia litaike. Aunitz urtez izan ditugu Hegoaldeko bakar batzuk, bi-hiru, aurten ez dugu batto ere. Nik nahi nituzke Hegoaldeko ikasle batzuk. Ez dakit nik lengoairen problema ote den. Hegoaldean ez du gehiago nehork frantsesik egin nahi. Denek ingelesa ikasten dute, frantsesa guti, pena da. Hemen bereko euskaldunak ere guti ditugu, bakar batzuk bakarrik».
Ikasle gazteenek hamasei urte dituzte eta zaharrenek hogeita bizpahiru urte, goi mailako teknikari kurtsoa egiten dutenak. Klaseak ematen hogei erakasle ari dira. Zubillagak erran digunez, formakuntzak hiru mailetan egiten dira: «Lehena, Hegoaldeko Lanbide Heziketa mailakoa, bigarrena batxilergo mailako formakuntza eta azkena, delako tekniko superior mailakoa». Lizeoko ikasketak akautu eta lana topatzea izaten da hurrengo pausua. Zubillagak dioenez, aterabide aunitz izan dezakete Saint Christopheko ikasleek: «Arrain hazkuntza eta ur erreka teknikalarientzat aunitz aipatzen dute lan berri frango sortuko dela, baina ez dakigu noiz, ez dugu ikusten lanbide berririk sortzen».
Klase praktikoak Senpereko INRAren arrain haztegian
Ingurumenarekin lotutako ikasketak izanik, ikastetxe barneko klase teorikoak ez ezik, ikastetxetik kanpo klase praktikoak ere izaten dituzte. Ihizi zainak mendirat ateratzen dira. Arrain hazkuntza eta erreka zain ikasketak egiten dutenek, praktikarako leku egokia dute ikastetxetik hurbil, Senperen berean dagoen Agronomia Ikerketendako Institutu Nazionalak (INRA) utzitako arrain haztegian. Amoarrainak hazten dituzte gehien bat, arraultzetik hasi eta arraultzeak egiten dituzten arte. Horretaz gain, Txinatik heldu diren kolore guzietako karpak, izokinak eta esturionak ere badituzte, baina arrak bakarrik, beraz ez da kabiarrik ateratzen lizeotik. Ur-putzu batetik bertzera mugitzen dituzte ikasleek amoarrainak, beraien adinaren, neurriaren eta egoeraren arabera –ttikiak, arraultzeak egitekoak, arraultze egindakoak–. Ikasleek haztegian egiten dituzten lanen berri eman digu Albert Zubillagak. «Praktikoak arrain haztegian egiten dituzte eta hemen ikusten dute arraultzetik hasi eta arrain ttikia nola haunditzen den. Ikusi behar da hau ez dela produkzioa egiten duen arrain haztegia, praktikak egiteko eta ikasteko baizik. Hainbeste ikasle pasatzen da eta denek ongi egin nahi dute, baina ikasten ari dira eta denek ez dute ongi egiten. Haunditzen den arrainak baditu mereximenduak hemen, azkarra da nonbait».
Putzu eta erreken gainean sareak ezarriak dituzte, baina ez amoarrainak alde egiteko beldurrez, arrainak jaten dituzten lertxunen beldurrez baizik. Michel Setoainek erran digunez, «ez da libre lertxunak hiltzea eta ez da komeni, gainera. Lertxunek bere lurraldea zaintzen dute. Bat hilez gero bertze bortz etorriko lirateke lurraldea hartzera».
Haztegian hazitako amoarrain gehienek errekarako bidea hartzen dutela erran digu Albert Zubillagak: «Saldu egiten ditugu batzuk, baina gehienak errekara joaten dira, Senpereko errekako arraza baita. Hemengo Arrantza Elkarteak erosten dauzkigu arrain aunitz».
Albert ZUBILLAGA Saint Christophe Lizeoko zuzendaria
Duela 30 urte laborantza lizeo gisa ireki zenetik aldaketa ainitz izan dira Saint Christophe ikastetxean, ez da?
Senpereko laborantza eta nekazaritza eskola hau berezia da, zeren eta ez du gaurko egunean laborantza tradizionalarekin ikusteko haundirik. Lehenago hala egiten genuen eta Senpereko eta auzo herrietako ikasleak genituen, denak nekazaritzari buruz ari zirenak. Baina duela hogei bat urte kanbiatu genituen hemengo erakasketak eta formakuntzak, eta hartu genuen bihurgune haundi bat: ingurumenari buruz itzuli ginen, nekazaritzako ikasleak gero eta guttiago baitziren eta zerbait egin behar zen. Orduan bi sailetan hasi ginen irakaskuntza berria egiten: bat urari atxikia, erreka teknikari eta arrain hazkuntzaren gainean eta bertzea ihizia eta ihizizaingoaren ofizioaren gainean. Guretzat orduan pario bat zen, badakigu euskaldunok parioa maite dugula. Beraz, duela hogei urte hasi ginen formakuntza horietan.
Teorikak ez ezik, praktikak ere leku berezia du ikasketa hauetan.
Arrain hazkuntzako praktikak Senperen berean dagoen INRA Insititutu Nazionalean egiten ditugu. Arrainaren gainean ikerketak egiten dituzte eta heiek badute piszifaktoria bat. Gure eskolako ikasleek ibiltzen dute eta kontent dira: han ikusten dute arraina arraultzetik hasi eta nola hazten den, nola haunditzen den. Liburuko gauza bakarrik ez dela ikusten dute.
Michel SETOAIN Ihizi zaingo erakaslea
Zer ikasgai dituzte ihizi zaingo ikasleek?
Ikasketa frango teknikoak dira. Baso ihizia nola kudeatzen den ikusten dugu, kondaketak nola egiten diren, populazioaren eta ingurumenaren errespetuan nola ihizatu… horiek denak ikasten dituzte, gero ihizizain edo Ihizi Federakuntzetako teknikalari gisa lan egiteko. Animatzaile ekologiko gisa ere aritzen ahal dire lanean.
Zein animaliei buruz egiten dituzue ikasketak?
Teoria azienda gehienen gainean egiten dugu, ihizatuak direnak baita babestuak direnak ere. Praktikak egiten ditugu, galdea nola heldu den... Parte hartzen dugu uso kondaketan, Akitania, Euskadi eta Portugalekin. Heldu den hilabetean, bi egunez orkatz atxemaite batean parte hartuko dugu Landesetan, Kataluniara joanen direnak. Orkatz kondaketa batzuetan ere parte hartzen dugu. Orain loutrari –igaraba edo nutria– buruzko lan bat prestatzen ari gara Euskal Herria guzian, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdin. Harremanak ditugu Euskal Herriko probintzia guziekin eta ez bakarrik Frantzian.
Erreka teknikari ikasten ari direnak arrain haztegira joaten dira. Zuendako mendia izanen da praktika leku nagusia…
Bai, mendira egiten ditugu ateraldiak, hemen inguruan eta leku handietan, Landesetako itsaso bazterretan aunitz azienda klase ikusi eta ikasten ahal dira. Txanza handia dugu alde hortarik, lurralde horiek eskura baititugu.