* Beintzako ostatuko nagusia eta iaz sortutako Lagun-Artea Nafarroako Albergeen Elkarteko lehendakaria da Mikel Albisu.
* Nafarroako hamar albergeak biltzen dira elkartean. Tartean Arantzako Aterpe, Beintzako Ostatu-albergea, Lesakako Matxinbeltzenea eta Narbarteko Telleria daude.
* Nafarroan 800 lagunei harrera eskaintzen ahal diete eta eskualdean 300i: Aterpen 130 –Nafarroako handiena–, Tellerian 80, Matxinbeltzenean 60 eta Beintzan 30 –ttikiena– sartzen dira.
Nola sortu zen Nafarroako albergeak elkartzeko premia?
Nafarroako Gobernua albergendako araudia prestatzen hasi zenean pentsatu genuen elkartuta joan behar genuela. Araudi horren prestaketan parte hartzeko modua izan dugu, nahiz eta agian ez denen gustokoa izan. Hasieran Turismo Departamenduak uste zuen motxilako turismoak ez duela sosik ematen eta hori ez zela bultzatu behar. Guk erantzuten genuen turismoa edo aisialdia denon eskubidea dela eta jendeak badu kanpina edo hotela edo etxe rurala edo albergea aukeratzeko eskubidea. Nafarroan 800 lagunendako harrera eskaintzen dugu albergeok eta hori arautu beharra zegoen. Legea atera arte egoera berezian geunden, egoera alegalean: ez ginen legez kanpo, legerik ez zegoelako. Legeak ez gintuen debekatzen baina ez gintuen arautzen ere.
Zein ezberdintasun daude alberge bat eta hotel edo landa etxe baten artean?
Albergeak, berez, logela konpartituak dituen lekua da, nolabait taldetan joatekoa. Bereizgarri horrengatik eman genion elkarteari Lagun-Artea izena… koadrilan edo familiarekin joateko leku egokiak direlako. Horrek ez du erran nahi bi lagunen dako logelak ez ditugunik. Horren arabera ere bi kategorietan banatuak gaude. Lehen mailakoak bi lagunendako logela batzuk eskaintzen dituzten aterpeak dira. Sukalde eta komedore zerbitzua ere badute, horrek bereizten ditu etxe ruraletatik. Albergetan arduradun bat dago, zerbitzu horiek eskaintzen dituena. Albergea ez da bakarrik lo egiteko lekua, otorduak eta bere inguruan bertze aktibidadeak edo ateraldiak eskaintzen dituen lekua baizik. Bada zerbitzu osagarri interesgarri bat. Orain, albergeei azken kategoriako eta goxotasunik gabeko barrakoien irudi hori kentzen ari gara. Legea exigentea da alde horretatik.
Zein dira urte sasoirik onenak albergeendako?
Turismoa egiteko beste aukera bat da. Kirol eta zerbitzu enpresentzat oinarri garrantzitsua dira albergeak, harrera haundikoak direlako eta urte osoan zabalik egoten ahal direlako, hori da kanpinekin duten diferentzia. Dena den, denboraldi altua udaberria izaten da guretzat, eskolekin eta lan haundia egiten dugulako eta uda. Udazkenean izaten diren zubi eta bestekin ere, erdi mailako denboraldia dugu. Pirinio aldean dauden albergeentzat negua izaten da denboraldi altua.