Paxaka eta laxoa pilota modalitateak Bortzirietan ezagutzera eman eta zabaltzeko asmoarekin solasaldia antolatu du Berako kiroldegiak ortziral honetarako, otsailak 9. Arratsaldeko 7,30etatik aitzinera, kirol hauen berri emanen dute Berako Kultur Etxean Laxoa Elkarteko kideek. Bertan, pilota joku hauen historia, arauak, jokatzeko behar diren tresnak eta bertze xehetasunak azalduko dituzte. Baina kontua ez da solasaldi hutsean geldituko, laxoa eta paxaka erakustaldiak eskainiko baitira gero Eztegara pilotalekuan.
Tiburtzio Arraztoa, Laxoa Elkarteko kideak adierazi digunez, «Laxoa eta paxaka aski ezagunak ziren Bortzirietan joan den mendean. Lesakan, XIX . mendean laxoan aritzeko hiru plaza zeuden, eta1850 urteko arautegia gordetzen dut etxean. Beran, 1880. urte inguruan egin ziren Euskal Jaietan laxoa partida jokatu zen. Bertze herrietan ere bazen laxoa plazarik. Paxaka berrikiago arte ere jokatu dela uste dugu».
Baztan eta Malerrekan aitzinako pilota modalitate hauek berreskuratu diren bezalaxe, Bortzirietan ere egiten ahal dela uste du Arraztoak: «Jendeak ezagutu egin behar ditu lehenbizi eta gero praktikatu. Paxaka berreskuratzea errexagoa da, edozein arkupe edo pilotalekutan egiten ahal baita. Laxoan aritzeko, aldiz, plaza librea behar da eta zailagoa izanen da, baina jakin dezatela zer den eta nola jokatzen den, behinipein».