Eskualdeko pilotariei dagokienez, denetik ekarri du eskuz binakako txapelketaren lehendabiziko faseak: Aimar Olaizola (Bernarekin) eta Inaxio Errandonea (Nagorerekin) kanpoan gelditu dira. Julian Retegik (Errastirekin) hau idazterakoan aitzinera segitzeko aukera aunitz ditu. Aitzinera eginen duena, haseran txapelketatik kanpo gelditua zen Asier Olaizola da. Patxi Eugiren lesioaren ondorioz, Aspe enpresarekin bere jarraipena negoziatu zuen goizuetarrak. Bi partidu irabaziz gero, txapelketan aitzinera segituko zuela erabaki zuten eta horixe lortu du. Aspek egindakoa zer erranik sortu du pilotazaleen artean, lesiotik sendatu ondotik txapelketatik kanpo gelditu baita banakako eta lau terdiko txapelduna. Eugik berak adierazi duenez, Olaizolaren jarrera zilegia eta ulergarria iruditzen zaio, ez ordea enpresarena. Kontuak kontu, azken orduko erabakirik ez bada, goizuetarra ariko da finalerdietan.