Rafa Maritxalar, Maika Ariztegi eta Iñaki Mihura Nafarroako kros txapeldunak

ttipi-ttapa 2009ko ira. 8a, 10:18

Eskualdeko korrikalariak bikain aritu ziren Altsasun urtarrilaren 28an


Rafa Maritxalar lesakarra irabazle suertatu zen urtarrilaren 28an Altsasun jokatutako Nafarroako kros txapel­ketan, senior kategorian. Hamar kilometro terdi egin behar zituzten kategoria honetan eta Barakaldo taldean ari den lesakarrak hasiera-hasieratik jo zuen aitzinera, urez eta lohiez estalia zegoen zirkuituan. Pistan entrenatzen duenez, probaren bigarren zatian beheiti eginen zuela pentsatuko zuten bere arerioek, baina alderantziz gertatu zen eta abantaila handitu egin zuen. Azkenean, Hiru Herri taldeko Mario Lopez de Uralde izan zen bigarren, Beste Iru­ñeko Raul Amatrain hirugarren eta Beste Iruñako Antonio Bru beratarra laugarren. Maritxalarrek espero baino errexago irabazi zuela onartu zuen. «Jende indartsua bazegoen eta ezaugarri ezberdinak eskatzen zituen krosa zen, ur eta lohi aunitzekin. Teknikoa­go­ak diren ibilbide hauetan hobe moldatzen naiz. Indartsu atera naiz eta honelakoetan bi gauza gertatzen dira: edo hondoa jotzen duzu edo hazten zara. Juxtu-juxtuan heldu nintzen baina indarrarekin nengoen eta gibelekoek laster aunitz egin behar zuten niri harrapatzeko». Nafarroako kros txapelketa irabazten duen lehen aldia da eta horregatik ilusio berezia egin dio. «Gainera, orain lanean ari naiz eta horregatik buru-belarri atletismora emana nintzenean baino lasaiago aritu naiz».

Ariztegi nesketan eta Mihura juniorretan
Senior mailako mutiletan ez ezik, nesketan eta junior mailako mutiletan ere eskualdeko korrikalariek lortu zuten garaipena, sei kilometroko lasterketen ondotik. Nes­ketan, Beste Iruña taldeko Maika Ariztegi iturendarra hirugarren izan zen lasterketan, baina aitzineko biak Gipuz­koa­ko Federaziokoak zirela kontuan hartuz, be­retzat izan zen Na­fa­rroako txapelketa. Tal­de­ka ere, Beste Iruña suertatu zen irabazle, lehendabiziko lauak talde horretakoak izan baitziren. Maika Ariz­tegi kontent zegoen: «Lo­hian hobekiago aritzen naiz eta ongi moldatu naiz ibilbidera, baina hagitz gogorra izan da. Ez nuen irabaztea espero, Sa­gra­rio Izquier­do ere indartsu baitzegoen. Bai­na lesioa baten ondorioz ez du parte hartu eta neretzat izan da garaipena».
Junior mailako mutilen artean, Hiru Herri taldeko Iñaki Mihura arraioztarra suertatu zen garaile.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun