Joaldunen joan-etorria bete da aurten ere

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 7a

Joareen burrunba zabaldu zen urtarrileko azken astelehen eta asteartean Iturenen eta Zubietan

Ituren, Zubieta eta Aurtizko joaldun eta mozorroek urteroko ohitura bete eta herriz herri eta auzoz auzo ibili ziren ilbeltzeko azken astelehen eta asteartean. Astelehenean, Zu­bie­tatik abiatu ziren joaldunak eta Aurtizko­e­kin gosaldu ondotik Iturenera jautsi ziren. Itu­rengo joaldunak La­sagako zubira atera ziren bertze taldeetako joaldunen bila. Ondotik, hiru taldeek elkarrekin ibilaldia egin zuten Itu­re­nen. Gero, talde bako­i­tze­ko kideek norbere txo­koan bazkaldu zuten. Asteartean, bidea al­de­rantziz egin zuten. Iturengo joaldunak herritik abiatu eta, Aurtiz­koak bildu ondotik, Zu­bie­tara joan ziren, bertako joaldunekin elkartzeko.
Joaldunekin batera, mozorroak ere harat-honatean ibili ziren, hautsa, iratzea, gorotza eta kolperen bat edo bertze banatuz. Hartzak ere bere lana bete zuen eta, katearekin lotua egon arren, emakumeak –batez ere kanpotik etorritakoak– izitzen aritu zen.
Urtero bezala, hainbat eta hainbat izan ziren bi egun horietan Ituren eta Zubieta bisitatu zutenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun