Nafarroako Haur Kantari txapelketan izena emateko epea otsailaren 28a arte zabalik

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 7a

Kanporaketa saio bat martxoaren 24an eginen da Donezteben

Euskal Kantuzaleen Elkarteak Nafarroako Haur Kantari txapelketan izena emateko epea zabaldu du otsailaren 28a bitarte. Horretarako, 948 141812 edo 948 228232 telefonoetara deitu behar da. Hitzak eta partitura faxez, posta elektronikoz edo ohiko postaz honako helbide honetara igorri behar dira:
Kantuzaleen Elkartea
Descalzos 50, behea
31001 IRUÑEA
euskokultur@terra.es
Edozein eskola-ikastolako Lehen Hezkuntza eta DBHko edozein ikaslek har dezake parte, banaka, binaka nahiz taldeka. Txapelketa bi kategoriatan banatuko da: Txikiak, 1990-94 urteetan jaioak eta gaztetxoak, 1986-1989 urteetan jaioak. Ikastetxe bakoitzetik gehienez lau ordezkarik parte hartzen ahal du, bi talde, bat txikien kategoriakoa eta bertzea gaztetxoena eta bertze bi ordezkari, bakarka edo binaka.
Lau kanporaketa saio eginen dira: martxoaren 10ean Lodosako pilotalekuan, martxoaren 17an Irurtzungo eskolako pilotalekuan, martxoaren 24an Donezte­beko Bordatxo dantzalekuan eta martxoaren 31n Aribeko Batzar Etxe­ko areto nagusian. Herri bakoitzean nork parte hartuko duen irizpide moduan, lehentasuna izanen dute inguruko ikastetxetako ikasleek.


Finala apirilaren 8an Iruñeko Gaiarre antzokian
Lortzen duten puntuazioaren arabera, hogei sailkatuko dira apirilaren 8an, goizeko 11etatik aitzinera Iru­ñe­ko Gaiarre antzokian eginen den finalerako.
Epaimahaia Arantza Ezkurra, Burlatako Musika Eskolako irakasleak, Mikel Juaniz, Barañaingo Musika eskolako irakasleak eta La Pamplonesako kideak eta Amaia Zubiria abeslariak osatuko dute. Epaimahaiak doinua hitzak, ahotsa, trebetasuna, interpretazioa eta kantuaren ekarpena izanen du kontuan. Lagun­tzaile gisa, musikariak ere eramaten ahal dira –gazteak edo helduak izan daitezke–, baina kantu lehiaketa denez, deusen gainetik kantua bera baloratuko da.
Sariei dagokienez, kategoria eta modalitate bakoitzeko lehenengo bientzat izanen dira. Bertzalde, aurten Euskal Herriko Haur Kantari txapelketaren finala jokatuko da ekainaren 9an Hernanin. Nafarroatik, herrialdeko finalean epaimahaiak hautatuko dituen hiru ordezkari joanen dira.

Ia bi milioi pezetako aurrekontua
Urtero bezala, Euskal Kantuzaleen Elkarteak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuaren laguntza izan du haur eta gaztetxoentzako kantu txapelketa honen antolaketan. Honetaz gain, Nafarroako Kutxa nahiz kanporaketak eta finala eginen diren herrietako udalen laguntza ere izan dute. Txa­pel­ketaren aurrekontua 1.900.000 pezetakoa da.
Helbu­ru nagusia euskal kantagintza zabaldu eta haurrei erakustea da, haurren zaletasuna piztuz. Modu berean, kantuaren eta musikaren bidez haurrak hezi nahi dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun