Nafarroan bizi gara. Nafarroako herritar izateaz gain, kristauak eta apezak gara. Nafarrak eta kristauak garenez, ezin gara isilik gelditu, Nafarroako Gobernuak euskara gure hizkuntzaren eta gure euskal kulturaren aurka hartu duen jarreragatik. Euskara erabiltzeko eta euskara ikasteko oztopoak paratzen eta laguntzak murrizten ari baita, eta euskaraz bizitzea oraindik zailago egiten. Hizkuntza eta kultura herri baten arima dela anitz idazlek errana da. Xalbador bertsolari nafarrak hizkuntza herriaren bihotza dela dio. Jende bakoitzak eta herri bakoitzak bere izaera propioa du, bere arima berezia, eta bere lehen egitekoa izaera horretaz jabetzea eta izaera hori sendotu eta osotzea da. Horregatik, hizkuntza eta kultura zaintzea eta sendotzea nahitaezko betebeharra du herriak. Fededunonzat, gainera, hizkuntza eta kultura aniztasuna Jainkoaren kreazioaren fruituak dira, arrazoi bat gehiago begirunez eta esker onez balioztatzeko. Euskararen eta euskal kulturaren egoera Nafarroan nahiko zaila da, nahiz eta bertako hizkuntza eta kultura propioa izan. Aspalditik jasan badu ere goikoen baztertzea, orain, zer eta gaztelania baino lehenagokoa eta nafar gehienen hizkuntza izan dena, aipatutako baztertzearen ondorioz gutitu denean, erdaldunen diskriminatzailetzat akusatzen hasi dira. Diskriminatzailetzat akusatu euskara, soilik bizitzeko eskubidea eskatzen duenean, ez bertze hizkuntzen heriotza, ez inoren baztertzea.Eta lotsagarria iduritzen zaigu Nafarroan arrotz eta urrungoak diren hizkuntzekin parekatu nahi izatea. Hori horrela, Nafarroako gaurko agintariek Nafarroako herritarren izaera ez dute errespetatzen. Herritarren bizi-kalitatea zaindu eta hobetzeak, herritar horien izaera eta arima, herritar horien kultura eta hizkuntza zaintzea eta hobetzea eskatzen du, lehenik. Nafarroako aniztasuna aintzat hartu eta begirune osoz zaindu beharrean, ordea, bereizketa eta euskaldunen bazterketa bultzatzen dute. Eta horrela, kultura ezberdinen arteko urruntzea eta elkarren etsai bihurtzea eraginez, nafarren arteko elkarbizitza zailtzeko bideak zabaltzen ari dira.
Jose Jabier Aizkorbe, Ramon Apezetxea, Jose Mari Aleman eta
Mendialdeko beste 35 apeza.