Txuletari hezurra kentzeko erabaki hori ez zait ongi iduritzen, bainan kendu behar bazaio kentzen zaio. Ez du zentzu handirik behiak analizatu eta sano daudela erran ondotik hezurra kentzeak, suposatzen baita garantia guziekin heldu direla. Orain hiltegitik hezurra kenduta etorriko dira hala ere. Kostako da, bainan jendea ohitu eginen da hezurrik gabe jatera.
Bertzalde, uste dut ez dela batere ongi informatu gai honen inguruan, eta jendearen artean psikosi pixka bat sortu da horregatik. Titularrak soilik irakurri beharrean testu osoa irakurtzen bada ongi ulertzen da, titularrak txuletoia debekatu dela erraten baitu eta barnean txuletoiaren hezurraz ari baitira. Dena den, inor ez da solastu hanburgesetaz eta saltxitxetaz, edo bertze motatako haragietaz.
Bukatzeko argi utzi nahi dut gu sagardogileak garela, eta saltzen duguna sagardoa dela. Txuletoia sagardoa dastatzen laguntzeko modu bat da, zerri txuletak, bildotsa edo gasna diren bezala…eta ez da erretegi batean bezala, hemen garrantzitsuena sagardoa da.