Ikasketen osagarri edo lagunarteko oporrak?

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 7a

Ikasketei akabaila emateko modu arruntena ikasbidaia izaten da. Ikasleek beraiek antolatzen dute normalean eta errifak edo kamisetak salduz bidairako dirua ateratzen dute. Gehienetan, Katalunia edo Mallorca aldera jotzen dute, baita Andaluziara ere. Ikasle gehienek, lagunartean oporraldia ederki pasatzeko eta ikastetxeko teilatupetik alde egiteko egunak direla uste dute: Ingurua ezagutu, eguzkia hartu eta gauez, diskoteketara bisita egin. Beraien laguntzaile joaten diren irakasle batzuk, ordea, ikasbidaiek funtzio pedagogikoa ere bete behar dutela uste dute: joaten diren herrietako kultura, arkitektura, ohiturak... ezagutu. Ongi pasatu, bai, baina aldi berean hezkuntzarako baliagarriak izanen diren ekitaldiak eginez. Eskualdeko ikasleek aurtengo  ikasbidairako dituzten planak ezagutu nahi  izan ditugu.

kasketa ziklo bati akabaila emateko modua izan ohi da ikasbidaia. Garai batean, OHOko zortzigarren maila, Batxilergoa edo Lanbide Hezi­keta akautzerakoan, hainbat urtez elkarrekin aritutako neska-mutilek ikasketak eta, batzuetan, ikaskideak beraiek agurtzeko modua izaten zen. Gaur egun, DBHko laugarren maila edo Batxilerra akautzen duten ikasleak dira ikasbidaia egin ohi dutenak. Laguntzaile gisara irakasleak eramatea izaten da normalena. Batzuen ustez, ongi pasatzeko egunak dira, bertze batzuentzat, ikasketen osagarri izan behar dute. Nora joanen dira aurten eskualdeko ikasleak?

Berako Toki-Ona Institutukoak Ebroko Deltara
Marisol Taberna, Berako Toki-Ona Institutuko irakaslea, Ebroko deltara joanen da aurten, DBHko laugarren mailako 32 ikaslerekin batera, bortz egun pasatzera. Bere ustez, ikasbidaiek funtzio pedagogikoa bete behar dute bereziki. «Nire ustez, bidaiek kulturarekin eta hezkuntzarekin lotutako ekitaldiak izan behar dituzte nahitaez. Iaz Bartzelonara joan ginen eta arkitektura aldetik Gaudiren eraikuntzak, Güell Parkea eta bertzelakoak ikusi genituen. Azkenean, egun batez Port Aventurara ere joan ginen, aisialdia ere behar delakoz». Joan den urtera arte, beti hamalau urtekoekin joana zen Marisol. «Iaz izan zen hamasei urtekoekin egiten nuen lehena eta banuen beldurra, baina orain arteko onena izan dela erraten ahal dut. Aitzinetik argi eta garbi jarri nituen joateko baldintzak eta ikasleek onartu eta bete zituzten. Marmaririk ez zen izan. Ikasleen artean bada denetik, kultur bidaia gustoko dutenak, arratsetan diskotekara joan nahi dutenak edo eguzkia hartu nahi dutenak… Baina bakarrik oporraldi gisara ez ditut ongi ikusten ikasbidaiak. Bidaia Mallorcara balitz ez nintzateke joanen, inondik inora. Aurtengoan, berriz, Ebroren delta inguruan kirol aktibitateak ere eginen ditugu, rafting…eta egun bat osorik Bartzelonan emanen dugu».

Doneztebeko Mendaur Institutukoak Mallorcara
Bidaia hauen inguruko bertzelako ikuspegirik ere bada. Doneztebeko Mendaur institutuko DBHko laugarren mailako ikasleak Mallorcara joanen dira. 32 ikasle eta 3 irakasle joanen dira, astebetez. Antolaketan burubelarri ari den ikasleetako bat da Maria Larretxea. Bere erranetan, ikasbidaiaren helburua oporraldi bat gustora pasatzea bertzerik ez da. «Urte osoa hor dugu ikasteko. Astebetez pixko bat deskonektatzea ere ez dago hain gaizki eta ongi pasatzea bertze helbururik ez dugu. Halere, museo bat edo bertze bisitatuko dugu, bertzenaz… Hasieran arazo batzuk izan genituen, batzuk Bartzelo­nara joan nahi zuten, baina azkenean Mallorcara joateko gelditu ginen».
Dirua ateratzeko ohiko sistemak erabiltzen dituzte Mendaur Institutuan ere. «Ferietan postua paratu ginuen eta errifak ere egin ditugu, boletoak salduz. Hortik ateratzen da dirua, baina azkenean beti eskatzen zaio gurasoei ere» dio Mariak.  Lagunartean egiten den lehendabiziko ateraldietako bat izan arren, gurasoek ongi hartzen dutela iruditzen zaio Mariari: «Lehenbizikoa aldia izanik, ongi hartzen dute. Ez dute pegarik jartzen».
Doneztebeko ikasle hauen laguntzaile joanen da Mirari Telletxea irakaslea, bere lehen ikasbidaian. Bere ustez ere, ikasbidaiak opor egunak dira. «DBH bukatzen dute eta ziklo bat borobiltzea da. Elkarrekin ikasten aritu dira eta hori agurtzeko modua da, urte batzuk elkarrekin egin dituzte eta bakoitzak bere bidea hartu aurretik egiten den bidaia. Ez diot beste helbururik ikusten. Pedagogia­rekin edo kulturarekin lotutako eskurtsioa egitekotan urtean zehar eginen genuke. Kasu honetan irakasleok antolatuko genuke, baina ikasbidaia ikasleek beraiek egiten duten gauza da». Edozein gauza pasatuz gero, arduradun bat izatea da, Miraren ustez, bere funtzioa ikasbidaian. «Ikasleek ere lasaitasun hori dute, zerbait pasatzen bada, hor badute erreferentzia bat. 15-16 urterekin ez baita errexa ardura hartzea».

Berako Labiaga ikastolakoak Bartzelonara joateko asmotan
Berako Labiaga ikastolako DBHko laugarren mailako hogei bat ikaslek ekainean bortz egunerako Bartzelo­nara joateko asmoa dute. Irakasleek Euskal Herri barrenean edo inguruan gelditu nahi zuten bidaia egitekotan, baina ikasleek kanpora atera nahi izan dute. Lehenengo aldia da Labiagako DBHko ikasleek ikasbidaira joatea lortuko dutena, Irati Mitxelena ikasleak aipatu digunez. «Guraso­ek bidai ludiko eta kulturala izatea proposatu digute. Ea denon artean, denoi gustatzen zaigun zerbait prestatzen dugun. Bartzel­onara prestatzen diren bidai gehienetan bezala egun bat Port Aventuran pasatzeko eta museo batzuk ere ikusteko intentzioa dugu, baina ez dugu egun osoan museotan sartuak egon nahi». Berako Lurraren Egunean eta Lesa­kako ferietan paratutako postuak eta ohiko kamiseta eta saskiekin batera, azkeneko bi ikasturtetan, ortziralero, berrehuna pezeta paratzen dituzte, bidaia egin ahal izateko.

Leitzako Amazabalen, batzuk Mallorcara besteak Europan barna
Leitzako Amazabal Insti­tutuan ere kurtsoa bukatzerakoan egiten dute ikasbidaia, ekaina aldera. Aurten bi helmuga izanen dituzte, Maddi Olano ikasleak aipatu digunez. «Hamaika lagun Mallor­cara joanen dira eta beste 26 edo Europan zehar ibiliko gara, Praga, Frantzia, Belgika… ikusiz. Azken honetarako Tolosako instituturen batekin bat egin nahi dugu». Helbu­ruari dagokionez, «gehien bat ongi pasatzea eta leku ezberdinak lagunartean ezagutzea, elkarrekin egin ditugun urteei despedida ematea da, nolabait» Maddiren ustez. «Izanen da diskotekatik lotara eta ohetik diskotekara ibiltzen denik ere, baina Europako lekuak ikusi nahi ditugu». Egube­rrietan bonboiak eta polboroiak saldu dituzte eta hilabetero kuota bat ordaintzen ari dira. Gurasoek ez diete trabarik jartzen eta orokorrean bidaiatzearekin ados daude, hori bai aholkuak maiz aditzen dituzte: «Erres­ponsa­bleak izateko esaten digute».
Amaza­balen irakasle den Kristina Ezenarro ez da aurten ikasbidaira joanen. Duela hiru urte, ordea, Mallorcara joan zen ikasleekin. «Ikasleen asmoa ez zen hura ezagutzea eta horregatik behartu genituen portua eta katedrala bisitatzera, museo batzuk ikustera… Oporraldi gisara hartzen dute. Normalean, etxetik kanpo gurasoekin ez dauden lehen aldia da. Ikasleen arabera ere asko aldatzen da bidaiaren helburua. Talde bat arduratsua bada, joaten den lekua ezagutzeko gogo ge­hia­go jartzen du. Europako hiriak ezagutu nahi izaten dituzte».  Ikasbidaiek bera ikasle zen garaiko funtzio pedagogikoa poliki-poliki galtzen joan direla uste du Kristinak.
Lekarozko Institutuan ez dute oraindik ikasbidaira joan edo ez joan erabaki.

Arantza, Goizueta eta Urdazubi-Zugarramurdiko eskola ttikietakoak ere badoaz
Goizuetako Xalto eskolan DBHko Lehen Zikloa bukatzen duten 12 neska-mutikoak, berriz, Bar­tze­lonara joanen dira astebetez. Ana Ur­dangarin irakaslearen ustez, «zuzenean ikasketekin zerikusirik ez badu ere, beti zerbait ikasten da: bakarrik moldatzen, lagunekin egoten… horrek ere pertsona bezala garatzen erakusten die. Edozein moduz, oso zorrotzak izan gabe, joaten diren lekuko gauza batzuk erakusten ere saiatzen gara».
Arantzako eskolan DBHko lehen eta bigarren maila ikasten duten bederatzi ikasleek Bartzelonako aterpe batean sei gau emanen dituzte ekainean. Martxela Martinez irakasleak erran digunez, bi helburu bete nahi dituzte: «Ongi pasatu bai, baina gauzak ere ikusi nahi ditugu, museo batzuk bisitatu… Zientziaren Museora joanen gara, seguru. Ikasleak ongi pasatzera joaten dira, baina gauza berriak ikasiz ere ongi pasatzen ahal da».
Urdazubi eta Zugarra­mur­diko eskolan DBH ikasten ari direnak, azkenik, astebetez Urbasako Campus batera joanen dira, martxoaren 12tik 16ra. Ikastetxeak berak antolatzen duen ekitaldia denez, ikasleek ez dute bidairako dirurik lortu beharrik. Lehen Hezkuntzako azken zikloan adi direnekin batera joanen dira Urbasara DBHkoak.

Eskualdeko bidai agentziek ez dute

Ikasbidaietan dituzten eskaintzak jakin asmoz inguru honetan ditugun bidai agentzietara jo dugunean, kasik ahobatez erantzun digute Elizondoko Zun­za­rren eta Lesakako Mal­daerrekan: «Ikas­bidaiekin ez dugu deus ere jakin nahi».
Malda­e­rrekako Jo­setxo Sus­perregik erran digunez, «ahalik eta preziorik merkeenak lortzen saiatzen dira eta normala da, gazteak direlakoz eta dirurik ez dutelakoz. Baina prezio horietan guk ezin diegu kalitatezko eskaintzarik egin. Kan­po­ko agentzietan egiten dute eta uste dute kristoren txolloak harrapatu dituztela, baina txollorik ez da izaten. Gero, bidaian, etortzen dira ustegabeak. Guk ez dugu horrela funtzionatzen».
Iritzi beretsukoa da Zunzarreneko Mª Eu­ge­nia Sobrino: «Eska­tzen dituzten prezioetan batere gomendaga­rriak ez diren hoteletan eta lekuetan sartu behar dituzu eta horretarako hobe da eskaintzarik ez egitea, ez digu konpentsatzen».
Zunzarreneko arduradunak gogoratzen duenez, duela bortz-sei urte arte eskaintzen zituzten ikasbidaiak, «Berako Toki-Onakoak ere etorrikatu dira, baina orai ez dugu nahi».
Josetxo Susperre­gi­ren erranetan, adinaren arabera aldatzen da ikas­bidaia egin nahi dutenen jomuga: «Heme­zortzi urtetan Europa aldera jotzen dute, Amsterdam aldera eta. Baina hor gehienetan zera gertatzen da: ikasleak joan nahi duten lekura gurasoek ez dute uzten eta gurasoek uzten duten lekura ikasleek ez dute joan nahi».
Normalean ikasleak bortz edo sei aurrekontu biltzen omen dituzte. «Guk gauzak diren bezala ematen dizkiegu –dio Susperregik– eta bertze batek prezio merkeagoan eman eta harat joaten dira, baina azkeneko momentuan etortzen dira prezio igoerak. Hoteletan logelak izaten dira eta merkeago ateratzeko hamar bat lagunendako lekua eskaintzen duten lekuetara jotzen dute, baina aldi berean intimitatea ere nahi dute. Merkea eta ona ez da errexa izaten».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun