Uda garaia, sasoiko lanpostuak direla eta, langabezia jausten den tenorea bada ere, aurtengoan ez da halakorik gertatu eskualdean. Uztailean 23 lagunetan goiti egin zuen langabeziak eta abuztuan, bertze 20 lagunek eman dute izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan. 940 dira guzira abuztu hondarrean apuntatutakoak. Nafarroa osoko datuak kontuan hartuz langabezia jautsi egin da eta Doneztebekoa izan da goiti egin duen bulego bakanetakoa.
Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 325 kontratu gauzatu ziren abuztuan, eta horietatik 25 bertzerik ez ziren mugagabeak izan.
Adina eta sexuari dagokionez, guztietan somatu da langabeziaren igoera. 25 urtez goitiko gizasemeetan 401etik 413ra igo da, adin horretako emakumeen artean 401etik 402ra, 25 urtez beheitiko gizasemetan 76tik 77ra eta emakumeetan, 42tik 48ra.
Lan arloka
Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak dauka, diferentziarekin, langabetu gehien, eta igoerarik handiena ere bertan somatu da, uztaileko 466 langabetuetatik 497ra pasa baita, 31 gehiago. Industrian, aldiz, 12 langabetu guttiago zeuden abuztuan, 257. Eraikuntzan uztailean baino 4 langabetu gehiago zeuden abuztuan, 119; nekazaritzan ere goiti egin du langabeziak, 18, uztailean baino 7 gehiago. Aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean 10 lagunetan beheiti egin du langabetu kopuruak eta 49 ziren abuztu hondarrean.