Otsailaren 5 eta 6a arteko gauean, hirugarren aldikotz eta iduriz tzarkeriaz norbaitek sua piztu zuen Kamietako Borda ondoko herri mindegian. Duela 17 urte landatu ziren zuhaitz eta haritz amerikano andana erre zen ezbehar huntan. Herriko Etxeak salaketa ezarri du jandarmerian, 500.000 liberako kalteak sortu direlakotz (12 milioi pezeta). Sua etxetik hurbil baitzen jandarmek goizeko 4,30etan atzarri zuten Kamietako Bordako Jakes Ameztoi, lehen auzoa. Biharamunean lekuko gisa erran daukunaz, haize gogorra baitzen egun hortan, 30 metrako garrak baziren. «Ez da konprenitzen, inpresio gogorra ematen zuen etxetik 30 metretan sua ikustea hirugarren aldikotz. Su-hiltzaileek ere lan haundia izan dute eta bere burua irriskuan eman dute goizeko 7,30ak arte, orduan itzali baitute arras sutea» zioen Jakes Ameztoik.