Etxalarko Usategietako ehiza postuen enkantea egin zen larunbatean eta sei postu hitsean gelditu ziren, hamalau hasierako prezioan eman ziren, eta bi postuk bakarrik igo zuten hasierako prezioa. Lehen enkante honetan 26.225 euro jaso zituen Etxalarko udalak, duela bi urte bildu zuenaren erditsua.
Joan den urtean, eskopetako ehiztariek bere arrenkura azaldu zuten, Iarmendi inguruan ikusmena galerazten zieten adar eta zuhaitz batzuk moztea eskatuz. Aldiz, horrek, sareko ehiza egiten duten usazaleak laguntzen ditu.
Patxiku Irisarrik normaltzat jo du larunbatean gertatutakoa: “Denok badakigu udaletxeko enkantea baino lehen bertze bat egiten dutela ehiztariek kanpoan, eta honat igo orduko dena banatua dute. Krisia ere hor dago, baina ez du aparteko eraginik izan”.
Hogei minutu aski izan ziren enkantea akautzeko. Bi postu bakarrik hobetu ziren, 23a (10 euro gehiago) eta 24a (100 euro gehiago). Sareko hirugarren eta laugarren postuak eta 16, 20, 21 eta 22a hutsean gelditu ziren. Gainerakoak, hasierako prezioan hartu zituzten ehiztariek.
Sextaren esperoan
Behin betiko adjudikazioa sextaren zain gelditzen da orain. Ehiztariek ortzirala bitarteko epea izanen dute prezioak seitik batean igotzeko. Hori gertatuko balitz, heldu den asteartean, irailaren 15ean eginen litzateke enkante berria eta hutsean gelditu diren postuak ere berriz aterako lirateke.