Kukumiku aldizkaria argitara eman dute eskolako ikasleek

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 7a

Bosgarren eta seigarren mailako hiru neska-mutikoek egin dute lana

Saldiasko eskolan Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren maila ikasten duten Garikoitz, Maite eta Endikak Kukumiku aldizkaria egin eta plazaratu dute otsailean. Hizkuntza ikasgaian aldizkaria egitea proposatu zien irakasleak eta hiru ikasle hauek, lana gogotik egin eta gero, hogei orrialdeko aldizkari txukuna atera dute. Garikoitz, Maite eta Endikak ohartarazi dutenez, «aldizkari hau egitea ia bi hilabete kostatu zaigu, horregatik berri batzuk zahar xamarrak gelditu dira».
Dena den, Saldiasen sortutako Ibai mutikoaren edo eraiki berri den granjaren albistea jasotzen da Kukumiku aldizkarian, beste berri laburren artean. Ipuinak, euskara zuzen erabiltzeko aholkuak, bertsoak, liburu eta pelikulen erreseinak, komikiak, elkarrizketak, gutunen txokoa, herri inguruko ibilaldiak, kirolen tartea, letra zopak, txisteak… eta beste hainbeste sail topatzen ahal dira. Berrien tartean erraten dutenez, «gaur egun zazpi ikasle ditu Sal­diasko eskolak eta hurrengo urtean bost geratuko dira. baliteke, hemendiko bi urtera Saldiasko eskola ixtea».  
Saldiasko eskolarena ez dakigu nolakoa izanen den, baina kazetaritzan etorkizun handia dute ikasle hauek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun