Ortzegunean, otsailak 22, arratseko 8etan trikitixarekin eginen den euskal poteoarekin hasera emanen zaie aurtengo iñauteei. Ondoren, herri afaria eginen da Belarra kafetegian.
Ortziral goizeko 9etan Titi ostatuan elkartu ondotik, trikitilariekin ibilbidea eginen dute gazteek baserrietan barna. Lehen Hezkuntzako ikasleek mozorro desfilea eginen dute herriko karriketan barna. Jubilatuen Ostatuan eginen den bazkariaren aitzinetik, euskal poteoa eginen da trikitixarekin.
Arratsaldean ere baserrietan ibiliko dira. Arratsalde eta gaueko musika Beti Alai txarangak jarriko du, baita Ameztia jatetxean eginen den afarian ere. Mozorro onenari bi gosariko saria eskainiko dio Titi Ostatuak.
Larunbatean, Beti jai txarangaren goiz-argi soinuarekin ernatuko dira doneztebarrak. Arozena Ostatuan gosari-bazkaria eginen dute eta arratsaldeko 4etan karrozak aterako dira Aparandik, herriari itzulia emateko. Ondoren, Bear Zana pilotalekuan rodeo amerikarra eginen da eta gero, zozketa. Arratsaldez eta gauez Corco txaranga ariko da.
Igandean, azkenik, goizez Beti Alai txaranga arituko da eta euskal poteoa izanen da trikitilariekin. Akitzeko, bazkaria eginen da Aranzoko elkartean, trikitilari eta Jexux Mari Irazu eta Jokin Sorozabal bertsolariekin.